Kontxako Banderako sailkapen estropada, ezustekoz beteta
Astillerok, Chapelak eta Kaikuk eman dute ezustekorik handiena sailkapena lortuz. Ondarrutarrek euren onena eman badute ere, ezin izan dute Kontxarako txartela lortu.
Giroa bero-bero dago Gipuzkoako hiriburuan, 2024ko Kontxako Banderaren atarian. Gizonezkoek eguaztenean [abuzuak 28] sailkapen estropada lehiatu zuten, eta atzo [abuzuak 29], berriz, emakumezkoen txanda izan zen. Hogei traineruk lehiatu zuten atzo Donostiako uretan: Arraun Lagunak, Astillero, Cabo, Amegrove, Chapela, Castro, Deustu, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Orio, Rianxo, Perillo, San Juan, Tiran, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia.
Ondarrutarrek euren onena eman bazuten ere, ezin izan zuten Kontxarako txartela eskuratu . Hala ere, ezustekoz betetako arratsaldea izan zen atzokoa arraunlari eta zaleentzat. Euskotren ligako traineruak espero zituzten askok sailkaparen lehenengo zazpi postuetan, baina Euskotren ligan ez dabiltzan hiru klubek ere lortu dute Kontxako Bandera eskuratzeko lehian aritzeko txartela: Astillerok hirugarren postuan amaitu zuen, Chapelak, laugarrenean eta Kaikuk, seigarrenean.
Era berean, aurreikuspenak betez, Euskotren ligako aurtengo txapeldunek eskuratu zuten atzo ere lehenengo postua: Arraun Lagunakeko kirolariek 10:55.32ko denboragaz amaitu zuten estropada. Tolosaldeak ere ligan erakutsi duen mailari eutsi zion atzo, eta bigarren postua lortuta itzuli ziren etxera, 11:02.62ko denbora eginda. Euren atzetik askok Orio espero bazuten ere (Euskotren ligako hirugarrena), seigarren postua eskuratu zuten mirotzek, eta ozta-ozta lortu zuten Kontxan aritzeko aukera. Hibaikako arraunlariak ere “pozik” agertu dira Kontxarako txartela eskuratuta: bosgarren postuan amaitu zuten estropada, 11:11.16ko denbora eginda.
Txanponaren beste aldean, berriz, zumaiarrak eta hondarribitarrak geratu ziren. Zumaia 84 ehunekorengatik geratu zen lehiatik kanpo; Hondarribiak, berriz, Euskotren ligan bosgarren postua eskuratu ostean, bederatzigarren amaitu zuen.
Hurrengo hitzordua, beraz, etzi [irailak 1] dute sailkatuek. 11:00etatik aurrera euren onena ematera irtengo dira arraunlariak Donostiako uretara, Kontxako Bandera eskuratzeko lehenengo jardunaldian.
SAILKAPENA:
- Arraun Lagunak 10:55.32
- Tolosaldea 11:02.62
- Astillero 11:06.32
- Chapela 11:07.02
- Hibaika 11:11.16
- Kaiku 11:11.68
- Orio 11:12.06
- Zumaia 11:12.90
- Hondarribia 11:14.58
- Zarautz 11:18.54
- San Juan 11:19.08
- Cabo 11:23.18
- Tiran 11:25.34
- Deustu 11:43.10
- Cesantes 11:44.88
- Ondarroa 11:46.12
- Hernani 11:46.80
- Perillo 12:02.34
- Rianxo 12:06.38
- Castropol 12:39.50