Goi-goitik ari dira ospatzen Lekeitioko San Antolin Eguna
23. Tiragoma Txapelketan 50 lagunek parte hartu dute. Umeetan Ander Martinez, Lea-Artibai mailan Tomas Serrano eta Munduko Txapelketan Emilio Gil izan dira irabazleak. Herriko agintariek, berriz, tradiziozko prozesioa egin dute, udaletxetik elizako atariraino.
Alkondara zuriak jantzi, eta kalera irten dira gaur ere lekeitiarrak, San Antolin Eguna goi-goitik ospatzeko asmoz. Goizean eguraldia lagun izan dute herritarrek, eta 23. Tiragoma Txapelketagaz hasi dute eguna. 50 lagun elkartu dira Aittitta Txiki elkartearen ekimenez.
Hala, umeek eman diete hasiera txapelketari. Ume guztien artetik onena Ander Martinez izan da. Lehia bizian aritu dira gainontzeko umeak ere, eta Enaitz Usandizagak eta Lukenek lortu dituzte, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuak.
Umeen txapelketaren ostean, Lea-Artibaiko txapelketa egin dute: 12 urtetik gorako edonork eduki du parte hartzeko aukera, eta hemezortzi izan dira horretan aritu direnak. Irabazlea Tomas Serrano ondarrutarra izan da; 1997an parte hartu zuen lehenengoz Serranok, eta ordutik ez du hutsik egin. Aurtengoa, gainera, ez da irabazi duen txapel bakarra: beste hamabi ditu etxean. Bigarren eta hirugarren postuetan aldiz, Ioritz eta Ibai Garramiola geratu dira.
Maila apur bat igoz, Munduko Tiragoma Txapelketa ere jokatu dute hainbatek. Ingurukoek eta herritarrek ez ezik, mundu mailan lehiatzen aritzen diren hainbatek ere parte hartu dute Lekeitioko lehiaketan, eta horietako bat izan da, hain zuzen ere, txapelketa irabazi duena. Zehaztasunez jo ditu bonbila guztiak Emilio Gilek, eta bera izan da irabazlea. Atzetik geratu dira Eneko Markaida eta Pedro Irastorza, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Tiragoma txapelketa hastearekin batera egin dute herriko agintariek ere tradiziozkoa den agintarien prozesioa. Ander Aldazabal alkateagaz batera egin dute zinegotziek udaletxetik elizarainoko bidea, Lekitto Musika Bandagaz. Hala, 11:30eko Meza Nagusiak hartu du euren erreleboa.Â
Goizeko jardunari amaiera, berriz, Lekitto Musika Bandak eman dio, plazan eman duen kontzertuagaz. Urtzi Iriondo mutrikuarraren gidaritzapean elkartu dira musikariak bertan, eta plazan jende mordoa elkartu da eurei entzuteko asmoz.Â
Aldaketak. Hala, egunak oraindik bere onenak emateko ditu aurretik. 18:00etako Txapel Jaurtiketaren ostean, punta-puntako bertsolariek saioa eskainiko dute. Maialen Lujanbiok, Miren Artetxek eta Xabat Galletebeitiak balkoitik balkoira abestu behar zuten arren, eguraldiaren ondorioz tokiz aldatu behar izan dute saioa, eta Merkatu Plazan izango da. Era berean, 23:00etan egotekoak ziren su artifizialak ere egunez aldatu dituzte, arrazoi berdinaren ondorioz, eta irailaren 7an eskainiko du erakustaldia Valeca pirotekniak. Era berean, gaur [irailak 2] Parkeko Gunean egitekoak ziren mural margoketa eta Farolapekoa bertan behera utzi behar izan dituzte, eguraldiaren eraginez.
Bajada, jendez gainezka. Jaietako lehenengo eguna berezia izan ohi da herritarrentzat, eta halaxe da San Antolin bezpera, edo Bajada Eguna, lekeitiarrentzat ere. Atzo [irailak 1] era guztietako mozorroz bete ziren Lekeitioko kaleak. Ohiturari jarraituz, 19:15ean abiatu zen 37. Kuadrilen Bajada. Herritarrak plazara heldu orduko prest zeuden aurtengo txupinerak: Ixone eta Romi Markes. Euren ostean Anteroren txanda heldu zen, eta bere bajadagaz hasi zituzten jaiak. Une berean jakinarazi zituzten 37. Kuadrilen Bajadako sariak ere:
- Kitto saria: Korrika
- Sari berezia: Ezkontza
- Umeen saria: Zirkua
- Nagusien saria: Barrakak