Piñastegi Eguneko sokamuturraren ordutegian aldaketak egin ditu Mutrikuko Udalak
Arratsaldez egingo dute Sokamuturra aurtengo Piñastegi Egunean, 17:00ean hasiko da eta 19:30ean bukatu.
Udalak Piñastegi Eguneko sokamuturra kenduko duenaren zurrumurruak zabaldu dira Mutrikuko herrian azken egunetan. Honen harira, Mutrikuko Udalak sokamuturra egongo dela adierazi du, ordutegian aldaketa batzuk eginda: “Aurten sokamuturra arratsaldez izango dugu, ekitaldia 17:30ean hasi eta bi ordu beranduago amaituko da, 19:30ean”.
Erabaki hau “pentsatutakoa” eta “aztertutakoa” izan dela azpimarratu dute udal ordezkariek: “2023ko udazkenean galdetegi bat zabaldu zen herrian eta bertan Malen eta Galbaixo jaien balorazioa egiteko eskatu zuen udalak. Galdetegi horretan jaietako ekintza eta ekitaldi ezberdinak baloratu ziren eta sokamuturra izan zen horietako bat”. Emaitzei dagokienez, herritarren %43k “negatiboki” baloratu zuten sokamuturra, bereziki Piñastegi Egunekoa: “Piñastegi Egunean bi sokamutur egotea gehiegizkoa zela aipatu zuten herritar askok”.
Beraz, balorazioen aurrean, Mutrikuko Udalak Piñastegi Eguneko sokamuturraren ordutegia aldatzeko erabakia hartu du: “Eguerdian eta arratsaldean ordu beteko sokamutur ekitaldiak izan beharrean, arratsaldean ekitaldi bakarra egingo dugu, luzeagoa, bi ordukoa”.
Ordutegi aldaketa honen helburua eguna “berrantolatzea” eta “ekitaldi berriak txertatzea” izan da: “Helburua egunean ekitaldi berriak jartzea izan da, eta ez sokamuturra kentzea. Galbaixo jaietan sokamuturra izango dugu, guztira 3 sokamutur 3 egunetan”.