Atletismoa hurbilagotik ezagutzeko erakustaldia egingo dute Ondarroan
Irailaren 7an [zapatua] egingo dute atletismo erakustaldia Ondarroako Arrigorri hondartzan, 13:00etan.
Eguraldia zela eta hasierako data aldatu arren, asteburuko eguzki izpiak aprobetxatuz, etzi [zapatua] egingo dute Ondarroako Atletismo Taldeak antolatutako atletismo erakustaldia. 13:00etan hasiko da proba Ondarroako Arrigorri hondartzan eta parte hartzeko bertara hurbiltzearekin nahikoa dela adierazi dute antolatzaileek. “Normalean iluntzeetan egiten ditugu horrelako erakustaldiak baina kontuan hartuta uda badoala eta marea behean egon behar dela, zapatu eguerdian egingo dugu aurten”.
Haurrak atletismo mundura hurbiltzea da erakustaldiaren helburua: “Bertaratzen diren haurrei atletismoa zer den erakusteko aukera bat da. Edonork egin dezakeela ikusarazi eta modu desberdinetara praktikatu daitekeela erakusteko modu bat izango da”.
Atletismo probekin emango diote hasiera eta aurten, luzera jauzia egiteko aukera ere izango dute hurbiltzen direnek: “lehenengo, 10 minutuko beroketa txiki bat egingo dugu eta ondoren, probekin hasiko gara. Aurten, berritasun bezala, luzera jauzia ere egingo dute. Beraz, denetarik probatzeko aukera izango dute haurrek: abiadurako probak, hesiak, jaurtiketa eta luzera jauzia“. Guztira, 30 minutu inguru iraungo dute probek eta ondoren, hondartza erreleboen erakustaldia egingo dute Lea-Artibai eta inguruko atletek: “Erreleboetan parte hartuko duten atletak Euskal Herrian goiko mailan dabiltzanak dira batzuk. Herrika banatu dugu erakustaldia: Ondarroa, Durango eta Gernika-Lekeitio. 200 metroko lau buelta egingo dituzte guztira,eta itsasoan bainua hartu eta gero, pintxoak egongo dira gazteentzako eta gozokiak umeentzako”.