Aulestitik Markina-Xemeinerako errepidea konpontzeko prentsaurrekoa deitu dute zapatuan
Zapatuan [irailak 7] izango da prentsaurrekoa Aulestin, 13:00etan. Herri txikiak bizirik nahi dituztela aldarrikatu eta Aulestitik Markina-Xemeinerako bidea konpontzeko eskatzeko.
Herri txikien eskubideak bermatzeko helburuagaz, Herri txikiak bizirik! dinamika hasi zuten Aulestin, eta herriko errealitatea ikusita borroka ezberdinak barnebildu dituzte. “Herri txikiok kondenatuta gaude askotan herri txikiak izate hutsagatik. Ez daukagu medikurik, hurbilen daukagun herria Markina-Xemein da eta bertara heltzeko ez daukagu garraio publikorik. Horrez gain, herritarrok egunero erabiltzen dugu Aulestitik Markina-Xemeinerako bidea eta oso egoera eskasean dago”.
Borroka zikloari jarraipena emateko prentsaurrekoa egingo dute zapatuan [irailak 7] 13:00etan Aulestin, bertatik Markina-Xemeinerako bidea konpontzeko eskatzeko. Errepideari dagokionez, atentzioa pizteko, kanpaina abiarazi zuten sare sozialetatik eta errepidean kartelak jarri zituzten. Behin gaia sozializatu ondoren, hurrengo ekintzekin martxan hasteko momentua dela aipatu dute herritarrek: “Prentsaurrekoarekin emango diogu zabalpena ofizialki, eta sinadura bilketarekin hasiko gara azarora arte gutxi gorabehera”.
Gainera, kamisetak atera dituzte Herri txikiak bizirik! lemapean eta prentsaurrekora kamiseta jantzita joateko deia egin dute: “Barikuan [irailak 6] 18:00etatik 21:00etara bitartean plazan eta zapatuan [irailak 7] 12:00etatik aurrera Torrezelain egongo gara kamisetak saltzen. Bi helburu esleitu dizkiogu kamisetak egiteari, batetik, aurrera eramaten ari garen borroka bistaratzea, eta bestetik, iturri ekonomiko bat edukitzea. Beraz, herritar guztiei zapatuan prentsaurrekora hurbiltzeko deia egin nahi diegu, kamisetan soinean daukatela”.