Mutrikuko EAJk sokamuturraren inguruko informazio trukaketarik egon ez dela leporatu dio udal gobernuari
Mutrikuko Udalak Galbaixo jaietako Piñastegi Eguneko sokamuturraren ordutegia aldatu du. Horrelako erabakiek "hausnaketa sakonagoa" behar dutela adierazi du EAJk.
Galbaixo jaietako Piñastegi Eguneko sokamuturraren aldaketen berri eman zuen Mutrikuko Udalak martitzenean [irailak 3], honen aurrean EAJk “inolako eztabaidarik, informazio trukaketarik eta hausnarketarik” egon ez izana leporatu dio udal gobernuari.: “Udaleko kide garen aldetik eta jaiak antolatzeaz arduratzen den kultura batzordeko kide ere bagaren aldetik, ez dugu orain arte ezer jakin gai honen inguruan”.
Mutrikuko Udalak martitzenean argitaratu zuen prentsa oharrean aurtengo Piñastegi Eguneko sokamuturreko ordutegian aldaketak egongo zirela adierazi zuen, horrez gain, aldaketa “aztertua eta pentsatua” izan zela ere azpimarratu zuen: “Aurtengoan sokamuturra arratsaldez izango dugu, ekitaldia 17:30ean hasi eta bi ordu beranduago amaituko da, 19:30ean. Aldaketa hau ez da izan pentsatu gabe eta aztertu gabe hartutako erabakia”.
2023ko udazkenenan oinarritutako galdeketa batetik hartu dute erabakia: “Galdeketa bat zabaldu zen herrian eta bertan Malen eta Galbaixo jaien balorazioa egiteko eskatu zuen udalak. Galdetegi horretan jaietako ekintza eta ekitaldi desberdinak baloratzeko eskatu zen eta sokamuturra izan zen herritarrek baloratutako ekitaldietako bat”. Galdetegia eratzun zuten herritarren %43k “negatiboki” baloratu zuten sokamuturra, egun berean herrian bi sokamutur egotea “gehiegizkoa” zela aipatu zuten. EAJk adierazi duenez, aurreko osteguneko [abuztuak 29] kultura batzordeko deialdiarekin batera jaso zuen jaietako programa: “Astelehen [irailak 2] honetan izan da batzordea eta geuk galdetu izan ez bagenu, ez zen gai honi buruzko inolako azalpenik emango”. Beraz, erabaki hauek “hausnarketa eta gardentasun sakonagoa” behar dutela adierazi du EAJk, eta erabakia “partekatuagoa” izan beharko lukeela.