Jai giro herrikoia, asteburuan gozatzeko
Udako hilabeteotan jairik jai ibili dira asko eta asko, eta urtero legez, sanantolinei lekukoa hartuz datoz Andra Mari jaiak. Gerrikaitzen atzo arratsaldean hasi zituzten jaiak, Ross Dantza Eskolakoen Diskodantza! emanaldigaz, eta gauean, berriz, tortillak prestatzen eta dastatzen elkartu ziren. Parte hartzea bultzatzeko asmoz, tortilla txapelketa herrikoia izan zuten, beste leku askotan modura, herritik herriarentzat antolatutako jaiak baitira bertakoak.
Gaurko herri bazkarirako menua ere horrela osatu dute; denen artean prestatu, eta alkarregaz bazkaldu dute elizpean. Ume, gazte zein nagusi batu dira, eguraldi bezain giro ederrean. Aurretik, herriko umeak Bengolan eduki dute hitzordua. Jolasek eta eskulanek osatu dute bertako menua, eta irribarreak eta solasaldiak izan dituzte ongarri.
Andra Mari eguna bihar bada ere, egun osoko egitaraua daukate gaur, zapatua ondo baino hobeto aprobetxatzeko. Arratsaldeko plana herritarren arteko jolasekin eta mus txapelketarekin osatuko dute, eta jaietan musikarik falta ezin denez, Joxpa erromeriak musikatuko du plaza, 20:30etik aurrera. Hori amaituta ere, gaua askotariko doinuz beteko dute, txosna inguruan.
Bestalde, bihar, jaien azkenengo egunean, Gerrikaitzeko IV. Harri Jasotze Txapelketa lehiatuko dute, eta, ostean, kopaua izango dute aurtengo andramariak goi-goitik agurtzeko.