Euriari aurpegi ona ipini eta jai giroan elkartu dira herritarrak
Andra Mari jaietako azken eguna ospatu dute gaur Gizaburuagan eta Gerrikaitzen. Markina-Xemeingo Erdotza auzoan Andra Mari Egunagaz batera egin dute ospakizuna.
Andra Mari jaiek asteburuan etenik izan ez duten arren, gaur [irailak 9] elkartu dira Gizaburuagan eta Munitibarren jaiei amaiera emateko. Euria egin badu ere, meza ostean Oibarren elkartu dira gizaburuagarrak Alaitz eta Maite trikitilarien doinuekin; mokadutxoa egiteagaz batera, dantzan aritu dira herritarrak.
Ostean bertaratu diren ume, gazte, heldu eta nagusi ia denek hartu dute parte txapel jaurtiketan, eta denek ala denek ere gozatu ederra hartu dute. Euririk barik jokatu ahal izan dute, eta ondo pasatzeaz gain, sariak ere eskuratu dituzte jaurtiketa onenak egin dituztenek. Denetan onena Markel Okamika izan da, eta herriko tabernan bi lagunentzako bazkaria lortu du. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Jose Luis Azpiazu, Jose Arando eta Unai Artetxe, eta denek bertoko produktuen sorta bat eskuratu dute.
Arratsaldean ere edukiko dute zer egina Gizaburuagan. Bazkalostean mus txapelketan elkartuko dira karta joko zaleak direnak, eta aldi berean hasiko dira umeentzako jolasak ere. Ondoren, herriko talde batek dantza ikuskizuna eskainiko du, eta jaiekin amaitzeko txokolate janaldia egingo dute.
Andra Mari Eguna, goi-goitik. Gaurkoa azkena izan den arren, atzo [irailak 8] ere giro ezin hobean elkartu ziren Gizaburuagako herritarrak. Frontoia jaiaren erdigune, goizean Lea Ibarra-Motrollo pilota taldeko ume eta gazteek hiru partida jokatu zituzten, eta ostean, nagusien pilota partidua egon zen. Olazabal eta Ladis Galarza aritu ziren Okamikaren eta Uriondoren aurka; gizaburuagarrek 25 eta 23 irabazi zuten partida. Bazkalostean Briska Txapelketan ibili ziren denak, baina, onenak Mari Barruetabeña eta Itziar Kortabitarte izan ziren. Karta jokoen ostean, aldiz, tortilla txapelketa egin zuten: Arnaitz Aboitiz eta Gorka Erkiagaren tortilla izan zen onena. Egunagaz amaitzeko, Dei talde mutrikuarraren kontzertua egon zen.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoan ere atzo elkartu ziren auzotarrak, Andra Mari Eguna ezin baino hobeto ospatzeko. Goizean goiztik musika izan zen nagusi auzoan, izan ere, kalejira egin zuten Iderra Nagusitik Erdotzaraino. Mezaren ostean Zerutxu Dantza Taldeak emanaldia eskaini zuen, eta goi-goitik amaitu zuten eguna.
Gerrikaitzen ere asteburu osoan eduki dute zer egin, zer ikusi eta zertaz gozatu. Barikuan, gaztetxoenek Ross Dantza Eskolaren Diskodantza! ikuskizunaz goztu ahal izan zuten, tortilla txapelketa herrikoia orduko. Tortillak ez ezik, bakailaoa ere dastatu ahal izan zuten herritarrek, Kantokoa elkartean.Â
Zapatuan, ostera, Elizpera lekualdatu zuen ospakizunaren epizentroa. 150 lagun inguru elkartu ziren herri bazkaritarako, arratsaldeko txapelketei heldu orduko. Hain zuzen ere, herritarrak bai musean, bai briskan aritu ziren Kantokoa elkartean. Gau partean, ordea, Joxpa erromeria arduratu zen jaiari zein ospatzeari eusteaz, plaza musigaz girotuz. Domekan, nagusienei zuzendutako egitaraua eduki zuten, herri kirolak ardatz hartuta: IV. Harri Jasotze Txapelketak herritarren interesa bereganatu zuen eta, jarraian, kopauan bildu ziren denak.