San Antolin jaietako erasoak salatzeko elkarretaratzean elkartu dira lekeitiarrak
Lekittoko Txosna Batzordeak deituta Abadeen Moilan elkartu dira herritarrak. Bestalde, Lekeitioko Udalak herrian egindako hainbat apurketa eta errespetu falta salatu ditu.
Atzo [irailak 8] eman zioten amaiera lekeitiarrek aurtengo San Antolin jaiei. Antiguako Amaren Eguna ospatzeagaz batera, nagusiak izan ziren atzoko protagonistak. Itxaropena txistularien kalejiraren eta mezaren ostean, bazkaritarako elkartu ziren herriko nagusiak. Arratsaldea karta jokoetan ibiltzen pasa ostean, 21:30ak heltzeagaz batera atera zen suzko zezena ere, eta baita Antero ere, jaiei agur esateko. Hala, Aittitta Makurra txarangak hartu zuen Anteroren erreleboa, eta koittadua eta kalejira egin zituzten jaiekin amaitzeko.
Dena, baina, ez da kantua eta poztasuna izan jaien azken egunetan. Lekittoko Txosna Batzordeko kideek jaietan eman diren erasoak salatu nahi izan zituzten atzo [irailak 8] Abadeen Moilan egindako elkarretaratzean. Jaiak hamabost eraso salaketagaz amaitu dituztela salatu zuten: “Herri osoan zehar eman diren hamabost eraso salatu dira txosnagunean. Jai giroa, alkohola eta droga aitzakia moduan hartuta intimidatuak, irainduak, fisikoki erasotuak, drogatuak eta abar luze bat izan gara”.
Txosna Batzordeko kideek eta herriko eragile desberdinek osatutako protokoloaren bitartez erasoei “erantzun irmoak” eman dizkiete: “Argi daukagu, normalizatuta dagoen juerga eredu horretatik urrun, txosnagunean jai eredu alternatibo baterako lekua izatea nahi dugula, emakumeok lasai, babestuta eta seguru egongo garen espazio bat. Modu honetan egiten diogu ekarpena herriari, gizartean hain hedatuta dagoen biolentzia sistematikoari babes antolatu baten bidez erantzunda”.
Era berean, adierazi dute argi dutela txosnak erasorik gabeko gunea bihurtzea ez dela bertan lanean dabiltzanen ardura soilik, denena baizik: “Denon ardura da kuadrillako babosoari hankak gelditzea, normalizatuta dauden jarrerak moztea, ikusten dugun eraso orori aurre egitea eta erasotzaileen inpunitateagaz amaitzea”.
Apurketak eta errespetu faltak. Zapatuan [irailak 7], aldiz, Lekeitioko Udalak zabaldu zuen oharrarekin esnatu ziren herritarrak. San Antolinak hasi zirenetik, hau da, irailaren 1etik, herrian hainbat apurketa egin direla salatu zuen udalak. Gaineratu zutenez, tabernari batzuk ere “sekulako errespetu faltak” sufritzen ari direla kexatu dira. Hori horrela, udalak bere kezka azaldu nahi izan zuen: “Egunotan herrian hainbat apurketa eta jarrera ez-onargarri egon dira, eta uste dugu komenigarria dela herritarrek horien berri izatea, falta diren egunetan denon artean horrelakorik berriro ez gertatzea ziurtatzeko”.
Hainbat izan dira herrian egindako kalteak, eta udalak horietako batzuk aipatu nahi izan ditu. Antzar Egunean [irailak 5], esaterako, Plaza azpiko mutilen komunak “goitik behera” apurtu zituzten, eta eremua itxita utzi zuten arren, barikutik [irailak 6] zapaturako [irailak 7] goizaldean berriro ere bertara sartu eta gehiago apurtu zituzten. Gaineratu dutenez, Antzar Egunean Arropaineko aparkalekuko hesia ere apurtu zuten.
Antzar Egunean gertatutakoez gain, barikutik zapaturako goizaldean Turismo Bulego aurreko zakar edukiontzi guztiak erre zituzten eta Beita pareko batzuk ere bai. Jakitera eman dutenez, Txatxo tabernako atea apurtu eta barrura ere sartu dira.
Era berean, herriko hainbat tabernariren kexak ere jaso nahi izan dituzte, herritarren eta Lekeitiora joaten direnen artean kontzientzia piztu eta halako jokabideak berriro ez errepikatzeko: “Hainbat tabernari kexatu dira aurten sekulako errespetu faltak bizitzen ari direla parrandan dabiltzanen aldetik. Eta bereziki salatu dute tabernari emakumeenganako jarrera matxistak etengabeak izaten ari direla”.