Egindako lanarekin gustura gelditu da Mutriku Sokatira Taldea
Pasa den astean Munduko Lur Gaineko Sokatira txapelketan lehiatu ondoren, "sentsazio onarekin" bueltatu dira Mutriku Sokatira Taldeko kideak herrira.
Irailaren 5etik [eguena] 8ra [domeka] bitartean lehiatu zuen Mutriku Sokatira Taldeak Lur Gaineko Sokatira Txapelketa, Alemaniako Mannheim hirian. Nahiz eta garaikurrik lortu ez, “esperientzia interesgarria zein aberasgarria” izan dela aipatu dute taldeko kideek.
Pisaketarekin hasi zuten txapelketa irailaren 4an eta taldeka tiratu zuten eguenean [irailak 5] eta barikuan [irailak 6], pisu ezberdinetan, emakumezkoen taldeak zein gizonezkoenak. Emakumezko taldeari dagokionez, 25 urteren ondoren, berriro sortu dute taldea eta lehen aldia izan da munduko txapelketan parte hartu dutena: “Oso lan polita eginda bueltatu gara Munduko Sokatira Txapelketatik. Urte guztiko entrenamenduen isla izan da. Horrez gain, beste taldeen tiraldi mota desberdinak ikusteko eta ikasteko aukera izan dugu. Euskal Selekzioarekin jokatzeko ohorea ere izan dugu. Sokari tiraka gustura sentitzeaz gain, esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Tiraldi batzuk ere irabazi ditugu eta hori, garaipena izan da guretzat”. Gizonezkoen taldeari dagokionez, lehenengo egunean txapelketa “burumakur” hasi zutela aipatu dute, baina gutxinaka sentsazioari buelta eman eta gustura gelditu dira egindako lanagaz. Horrez gain, taldeak modu mixtoan ere parte hartu zuen.
Orain, denboraldi gogorra eta gero deskantsua hartzeko momentua iritsi zaie: “Denboraladi bukaerara nekatuta iristen gara denok. Orain, deskonektatzeko momentua da, hurrengo denboraldia oraingoa bezain gogotsu hasteko. Sentsazio politarekin amaitu dugu denok eta horrek indarra emango digu datorren denboraldia ilusioagaz hasteko”.
Gazte berri asko sartu direla aipatu dute, eta honek, sokatira jendearengana hurbiltzea ahalbidetu duela: “Sare sozialen bidez egiten duguna erakusten joan gara. Gazteek freskotasuna ekarri dute eta egindako lana erakutsi diote munduari”.