Ian Traba, Euskadiko Itsas Motorren Txapelketako irabazle
I. Endurance Mutriku eta Euskadiko Itsas Motorren Txapelketa ospatu zen domekan [irailak 8] Mutrikuko portuan.
Uretako motorrak izan ziren protagonista domekan [irailak 8] Mutrikuko portuan, izan ere, I. Endurence Mutriku eta Euskadiko Uretako Motorren Txapelketa ospatu baitziren bertan.
Zazpi kilometroko zirkuitu “itxian, mugatuan eta ziurtatuan” egin zen txapelketa eta sailkapena lau kategoriatan banatu zuten, orokorraz gain: GP1, GP2, GP3 F1 eta GP3 F2. Sailkapen orokorrean Ian Trabak jantzi zuen txapela, bera izan baitzen GP3 F2 kategorian lehiatu eta besteekin alderatuz puntu gehien eskuratu zituena, 400 puntu bere kategorian eta 380 sailkapen orokorrean: “Domekan lortu zituen puntuekin eta maiatzean Getariako Basque Country Cup Txapelketan lortutakoekin, Ian Traba izan da 2024ko Euskadiko Uretako Motorren txapelketako irabazlea”. Bestalde, GP1 kategorian, Basque Raiders klubeko Jokin Egiak lortu zuen lehen postua 380 puntugaz, GP2an 200 puntugaz Jon Carmona izan zen garailea eta Gp3 F1 kategorian Pedro Gonzalez, 380 puntugaz. Sailkapen orokorrari dagokionez, Iker Mintegiak lotu zuen bigarren postua 300 puntugaz, Trabaren atzetik eta hirugarrena Mauro Gaetano izan zen, 264 puntugaz.
Goizeko 09:30etarako jaitsi ziren uretako motorrak portura eta 10:30ean hasi zen lehen txanda. 11:15etik 12:15era bitartean pilotuek erregaia hartzeko denbora izan zuten eta 12:30ean bigarren txandari ekin zioten.