Lea-Artibaiko nagusien beharrak erdigunean ipiniko dituzte Lekeitioko Silver Film Festivalean
Irailaren 18an 'Lea-Artibain zahartzea: arazoa ala aukera?' izeneko doako jardunaldia egingo dute. Hainbat gairen inguruan eztabaidatuko dute parte hartzaileek, eta ostean, Asier Altunaren 'Amama' filma emango da.
Lea-Artibain zahartzeak ematen dituen aukerak eta arazoak erdigunean ipiniko dituzte irailaren 18an Lekeition. Silver Film Festival helduko da herrira; bigarren aldia da festibala Lekeition egiten dela. Hala, gaur Lekeition elkartu dira Zuriñe Gojenola Lekeitioko Udaleko alkateordea, Maite Zabala Nagusiak Elkarteko eta Lea-Artibaiko Nagusien Elkarteko kidea, Nerea Urrutibeaskoa Lea-Artibai Landa Garapen Elkarteko arduraduna eta Marian Gerrikabeitia Silver Film Festivaleko zuzendaria.
Hiri handietatik kanpo adinekoa izatearen inguruan eztabaidatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, Lea-Artibain zahartzea: arazoa ala aukera? izeneko programagaz. Zinea eta beste jarduera kultural osagarri batzuk uztartuz, arratsalde guztiko doako egitaraua antolatu dute. Bertaratzeko aukerarik ez dutenek internet bidez jarraitu ahalko dute saioa, EITBren bitartez.
Hori horrela, 18:00etan Lekeitioko Ikusgarri Aretoan elkartuko dira bertaratzen direnak. Iranzun Mentxaka kazetariak gidatuko duen mahai inguru batekin hasiko dute arratsaldea: Zabala eta Urrutibeaskoagaz batera ariko dira Andoni Zulaika Ekimen Sozialeko Zabalduk Kooperatibako Garapeneko zuzendaria eta Leire Markuerkiaga Lea-Artibai Mankomunitateko presidentea ere.
Gerrikabeitia festibaleko zuzendariak azaldu duenez, hainbat gai proposatuko dira mahai inguruan, esaterako, lurraldearen abantailak eta desabantailak zeintzuk diren, lurra lantzea behar besteko bizibidea den, emakumeen lana nolakoa den landa inguruetan, garraio publikoarekin, zerbitzuekin eta zainketekin zer gertatzen den eta emakumeek eta gizonek erkidegoan duten zeregina nolakoa den.
Nagusien Elkarteko Zabalak azaldu duenez, beste hainbat gai ere mahaigaineratuko dituzte: “Bai adinez nagusiak garenon ikuspegitik zelakoa den bizi eta zahartzea Lea-Artibain, bai gazteagoak direnen kezkak eta beharrizanak zeintzuk diren eta baita instituzio desberdinetatik ze ekarpen eta laguntza eskaintzen den agerian jarriko dugu, eskualdean bizi kalitate osasuntsu bat ziurtatzeko asmoz”. Izan ere, nagusiek zer duten emateko eta zer hartzeko islatu nahiko lukete: “Belaunaldi ezberdinen arteko harremanak eta transmisioa, komunitatearekin parte hartze aktiboa, elkarteetan dugun konpromisoa… guzti honi buruzko eta beste gai batzuei buruzko hausnarketak partekatuko ditugu”.
Mahai inguruaren ostean, berriz, Asier Altuna zinemagilearen Amama filma ikusteko aukera egongo da, izan ere, filmak “belaunaldien arteko aldeak eta hiri nahiz landa ingurunearen arteko dikotomia ditu hizpide”.
Nagusiak, protagonista. Gojenola Lekeitioko alkateordeak azpimarratu duenez, euren ustetan “oso garrantzitsua” da halako gaiak lantzea: “Zahartzen ari da euskal gizartea, eta Lea-Artibain eta Lekeition fenomeno hori oraindik nabarmenagoa da. Lekeitioko biztanleria, argi eta garbi, gero eta zaharragoa da. Gure helburua herri moduan, herritarrok duintasunez, gustura eta beti zainduak izango garen herria eraikitzea da”. Horregatik, festibala Lekeition egitea “ohore handi bat” dela adierazi du Gojenolak: “Ohore handi bat da eztabaida hauei bidea zabaltzea, eta horrelako proiektuek beti zabalik izango dituzte Lekeitioko ateak”.
Urrutibeaskoak adierazi duenez, Lea-Artibaiko Landagarapen Elkarteak ere “argi” ikusi zuen proiektuagaz lanean ipintzearen garrantzia: “Lekeitioko Udaletik ekimenaren berri eman zigutenean argi ikusi genuen bizi kalitatean eragiteko itzezlezko aukera ematen zigula, etorkizunera begiratzeko, bertokoen ikuspuntua jaso eta bertokoek zer espero duten ezagutzeko”. Era berean, Urrutibeaskoak azpimarratu du landagarapenak landa-eremua bere osotasunean kontuan izan behar duela, eta Silver Film Festivalak, aldi berean, aukera ematen duela emakumeen eta emakume baserritarren testuinguruaren alorrean aritzeko.