Markina-Xemeingo Udalak auzo batzarrak ipiniko ditu martxan barikutik aurrera
Barikuan [irailak 13] Barinagako, Amalloko eta Urberuagako herritarrekin elkartuko dira. Aurten, berritasun modura, herriguneko bizilagunekin ere batzarrak egingo ditute.
Udazkena heltzeagaz batera helburu argi bat du EH Bilduko udal gobernuak: “Auzo batzarren helburua landa auzo ezberdinetako errealitateak ezagutu eta euren arazo eta eskaerei urteroko jarraipena egitea da nagusiki”. Hori horrela, Markina-Xemeingo Udalak auzo batzarrak egingo ditu barikuan [irailak 13] hasi eta urriaren 5era arte.
Aurten, gainera, berritasun batekin datoz auzo batzarrak: herrigunean ere batzarrak egingo dituzte. Hori aurrera eroateko herriguneko kaleak bi taldetan banatu dituzte, eta bi auzo batzar egingo dituzte gune bakoitzean. Batzar horietara deitu dituzte, era berean, herrigunetik gertu dauden baserrietako bizilagunak ere. Lehenengo taldea osatuko dute Azpikoerrota, Bekobenta, Atxondoa zeharkalea, Urbitarte, Arretxinaga, Artibai, Aldaola, Xemein etorbidea eta Beheko Mojen Plazako bizilagunek. Bigarren taldea, aldiz, Zelaia, Abesua, Agustin Deuna, Bizenta Mogel, Aldapeko, Alde Zaharra, Ibaibarreneta, Erdotza etorbidea, Karmengo plaza eta kalea, Iturritxu, Iderraga eta herriguneko baserriek osatuko dute.
Landa auzoetako bizilagunen arazo eta eskaerak jasotzeaz gain, udal gobernuko kideek euren hurrengo pausoen berri ere emango diete herritarrei. Hala, udalaren plagintza eta asmoei buruz iritziak trukatu eta herritarren zalantzak argituko dituzte. Behin auzo batzarrak amaituta, batzar horietan jasotako informazioagaz udal gobernuak 2025eko plangintza eta aurrekontu proposamena egingo du. Azaldu dutenez, martxan dauden proiektuez gain kontuan hartuko dituzte batzarretan jasotako iritzi eta eskaerak ere.
Era berean, datozen hilabeteetan hainbat arlo desberdinetako batzar parte hartzaileak ere egingo dituzte: kultura, hezkuntza, berdintasuna, euskara, kirola eta kulturartekotasunari buruzko batzarrak izango dira. Hala, bertan jasotako plangintzak ere kontuan hartuko dituzte 2025eko ekintza plana eta aurrekontua elkarlanean diseinatzeko.
Auzo batzarren datak.
- Irailak 13 (barikua).
- 18:30. Barinaga, elkartean.
- 18:30. Amallo-Urberuaga, elkartean.
- Irailak 14 (zapatua).
- 11:00. Atxondoa, Axpe Sagardotegian.
- Irailak 15 (domeka).
- 11:00. Inpernusierra, San Martinen.
- 12:00. Larruskain, elkartean.
- Irailak 20 (barikua).
- 18:30. Iturreta, elkartean.
- 18:30. Meabe, ermitan.
- Irailak 21 (zapatua).
- 11:00. Goierri-Santutxu, Satzu Landetxean.
- Urriak 3 (eguena).
- 18:30. Herrigunea 1, Esperantza aretoan.
- Urriak 4 (barikua).
- 18:30. Herrigunea 2, Esperantza aretoan.
- 18:30. Arretxinaga, Musika Eskolako beheko lokalean.
- Urriak 5 (zapatua).
- 11:00. Iruzubieta, ermitan.