Isuntza AEk zuzendaritza batzordea berritu du
Isuntza Arraun Elkartearen zuzendaritza batzorderako ordezkari zerrenda bakarra aurkeztu denez, oraingo lantaldeak jarraituko du hurrengo lau urteetan.
Isuntza Arraun Elkarteak batzar orokorra egin zuen uztailaren amaieran, hurrengo lau urteetarako zuzendaritza batzordea osatzeko hauteskunde prozesua abian ipiniz. Bilera hartan, egungo batzordeak egiteko horretan segitzeko asmoa agertu zuen, azken urteetako beharrari “jarraipena” emateko asmoz. Bada, prozesu horren epeak bete dira eta, ordezkaritza zerrenda bakarra aurkeztu denez, egungo lantaldeak jarraituko du elkartearen zuzendaritzan.
Taldea bere muinean berbera izango dela aurreratu dute Isuntzatik, baina “aldaketa batzuekin”. Hain zuzen ere, batetik, orain arte lehendakari postuan egondako Santiago Zumaran ohorezko lehendakari izatera pasatuko da, eta bere orain arteko postua bokal izandako Iñaki Badiolak hartuko du; bestetik, zuzendaritza batzordeak zenbait partaide berri edukiko ditu, “hurrengo urteetarako erronkei ahalik eta hoberen erantzuten saiatzeko”.
Jomugak, hain zuzen, zehaztu ere egin dituzte. Harrobiko lana sustatzen jarraitu gura du klubak, gazte mailetako arraunlari kopurua “ahalik eta altuen” mantenduz eta, hala, azken urteotako lanari jarraipena emanez. Bestalde, emakumezkoen arrauna indartzen segitzea bilatuko du Isuntzak, “gazte mailetako arraunlari kopuru esanguratsuak jarraipen aukera handiak eduki ditzan senior mailan ere”. Gainera, gizonezko senior mailako trainerua “ahalik eta lehiakorren mantentzea” bilatuko dute, “etxean sortutako arraunlarien hurrengo belaunaldiei bidea eginez”. Horrez gain, erakunde mailan, harrobiko arraunaren “defentsa egiten” jarraituko dute. 2027. urtean elkarteak beteko duen 50. urtemugari begira, urteurren hori ospatzeko prestakuntza lanak abian ipini gura dituzte, halaber.
Herritarrei deialdia.
Arraun elkartearen inguruan lanean jende guztiari “eskerrik beroenak” eman gura dizkio taldeak, “proiektua guztien beharrari esker baitoa aurrera”. Era berean, laguntzeko prest dagoen jende berriari ere zuzendu zaio Isuntza AE: “Hurreratu nahi duenak Isuntzako ateak zabal-zabalik ditu”.