Martxan da Ondarroako XIII. Nanoipuin lehiaketa
Urriaren 10era arte egongo da Nanoipuin lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabalik.
Hamahirugarrena izango da Ondarroako Udalaren euskara sailak antolatu duen Nanoipuin lehiaketa. Jakinarazi dutenez, urriaren 10a izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Araudiaren arabera, kontakizunek gehienez 140 karaktere eduki ditzakete espazioak barne, eta gaia librea izango da. Adin mugarik ez dago, beraz, edozein pertsonak hartu dezake parte eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu gehienez. Nano ipuinak ezizenenez sinatuta bidali beharko dira datu pertsonalekin batera. Lanak bidaltzeko bi modu egongo dira; aurrez aurre Erregistro Orokorrean edo ondarroa.eus web orrialdean.
Epaimahaia udalak izendatutako idazleek osatuko dute eta “beraien erabakia apelaezina izango da”. Sariei dagokienez, hiru emango dira eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena izango dutela adierazi du Ondarroako Udalak. Beraz, lehenengo saria 400 eurokoa izango da; bigarren saria 200 eurokoa eta hirugarren saria 100 eurokoa. Epaia urriaren amaieran ezagutaraziko da eta Literatur Amuak egitasmoaren baitan egingo da sari banaketa.