Bilboko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Markina-Xemeinen gaur [irailak 12], Aulestin, Lekeition, Ondarroan, Munitibarren eta Berriatuan bihar [irailak 13], eta Mutrikun zapatuan [irailak 14] egingo dituzte elkarretaratzeak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feministek eta udalek Bilboko Santutxu auzoko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte, zehazki, Aulestin, Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen, Mutrikun eta Munitibarren.
- Aulesti. Mugimendu Feministak deituta, bihar [irailak 13], 20:00etan, plazan.
- Berriatua. Bihar [irailak 13], 19:00etan, plazan.
- Lekeitio. Potxuak Martxanek deituta, bihar [irailak 13], 19:00etan, Eskolapean.
- Ondarroa. Etxelilak deituta, bihar [irailak 13], 19:00etan, Alamedan.
- Markina-Xemein. Morelarrek deituta, gaur [irailak 12], 20:00etan, Goiko portalean.
- Mutriku. EMAk deituta, zapatuan [irailak 14], 13:00etan, Galbaixoko ermita inguruan.
- Munitibar. Munitibarreko Udalak deituta, bihar [irailak 13], 20:00etan, herriko plazan
31 urteko emakume bat eraila izan da bart Bilboko Santutxu auzoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ustez, haren bikotekidea da hiltzailea, eta 00:20 inguruan izan da hilketa, bikotearen etxebizitzan. Bizilagunek deitu dute larrialdi zerbitzuetara; zerbitzuok iritsi direnean emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute, “lesio garrantzitsuekin”. Lekuan bertan hil da, zauri horien eraginez.