Goi mailako musikariak igoko dira Ziortzako monasterioko oholtzara
Ziortzako Kontzertuak musika zikloaren 36. aldia ospatuko dute asteburuan [irailak 14 eta 15], eta irailaren 22an eta 23an.
Ziortzako monasterioak sekretu asko ditu bere barnean, batzuk ezkutuan, beste batzuk agerian. Horietako bat loratu egiten da urtero-urtero iraila heltzen denean, eta heldu da aurtengoaren unea ere. Ziortzako Kontzertuak musika zikloarekin antzinako doinuak ekarriko dituzte, eta aurten ez da gutxiagorako izango, jaialdiaren 36. aldian. Bi asteburutan izango dira emanaldiak: zapatuan eta domekan [irailak 14 eta 15] eta irailaren 21ean eta 22an.
XV. eta XVI mendeetan eraikitako monasterioa da Ziortzakoa, eta garai haietako historiagaz bat datorren musikaz gozaraztea dute helburu antolatzaileek: “Garaiko musika tresnekin edo horien kopiekin, denboran zehar eraman gaitzakeen soinuaren garbitasuna bilatzen dugu, eliza barruko akustikari esker. Horrelako barrutietan entzuteko konposatuta zegoen musika mota bat entzutea da helburua. Luxu bat”.
Zapatuan [irailak 14] hasiko dute kontzertu zikloa. 18:00etan XVI. eta XVII. mendeetako polifonia portugaldarren doinuek hartuko dute monasterioa. Capella Sanctae Crucis taldeak Ad Tenebras programa eroango du bertara, Coimbrako Santa Cruz monasterioko Aste Santurako eroste eta errespontsuek konposatua 1530 eta 1630 urteen bitartean. Taldea zuzentzen Tiago Simas Freire ariko da.
Ignacio Prego eta Carlos Menak saio bikoitza eskainiko dute irailaren 22an.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azken aldietan egin duten bezala, eta “onespen handia” izan duela ikusita, organo kontzertuak gehitu dituzte bi domeka goizetarako, Josep Etxebarriaren organoaren (1670-1686) ezaugarriak balioan ipintzeko asmoz. Hori horrela, domekan [irailak 15] Ministriles de Marsias taldeak eskainiko du organo kontzertua: “Organo kontzertu honetan txandakatutako bi organoez gozatu ahal izango dugu, hau da, organoa lau eskutara, eta beheraldia eta baxoerdiak laguntzea”.
Egun berean, Asier Polo bakarlari ezagunak ere kontzertua eskainiko du, 18:00etan. Propitia Sydera Orkestragaz helduko da Ziortzako monasteriora: “Azken urteotan bezala, eta badira batzuk dagoeneko, orkestra honek leku nabarmena du Ziortzako programazioan, zikloaren egoiliarra baita”. Inguruko musikariekin batera Polos opuestos, el barroco Norte-Sur lana ikusi eta entzun ahalko da domekan: A. Vivaldi, J. A. Hasse eta C. P. E. Bachen obrak eskaintzen ditu programak.
Irailaren 21ean, berriz, L’Apothëose taldearen txanda izango da: “Kontserbatorio bateko geletatik dozena bat sari irabaztera, eta Espainiako musika klasikoko erakunde handieneko talde egoiliar bat izatera pasa dira. Ukitu pertsonal bat ematen diete egiten duten pieza musikal bakoitzari”. Hori horrela, Zimmermann Kafekoa programa interpretatuko dute, JS Bachen eta Dph Telemannen ganbera musikaren atal bat.
Irailaren 22an, 13:0e0tan, Ignacio Prego eta Carlos Mena igoko dira oholtzara, Ziortzako organo historikoari balioa emateko asmoz. Ez da, gainera, euren kontzertu bakarra izango: 18:00etan Tiento Nuovo izenagaz Lamento programa eskainiko dute. XVII. mendeko Erdialdeko Europan murgiltzeko aukera egongo da, garai haietako musika instrumentala entzunaz.