Lehengora bueltatuz, badatoz Santa Eufemi jaiak
Irailaren 16an [astelehena], 20an [barikua] eta 22an [domeka] ospatuko dira Aulestiko Santa Eufemi jaiak. Astelehen eguerdian elkarretaratzea egingo dute, 'Herri txikiak bizirik!' lemapean.
Uda amaitzear dagoen honetan hitzordu ukaezina daukate aulestiarrek, izan ere, Aulestiko Santa Eufemi jaiak hastear daude, eta oraingoan ere, adin guztientzako egitarauagaz datoz. Irailaren 16an [astelehena], 20an [Barikua] eta 22an [domeka] jai giroa nagusituko da Aulestin.
Jai Batzordeak eta Aulestiko Udalak antolatutako egitarauak aldaketa handirik izan ez arren, pandemia aurreko formatuagaz bueltatuko dira aurten: “Pandemia sasoian, hiru urte jarraian, kontzertu akustikoak egin genituen errepikapen egunean: Anari, Gari eta Olaia Intziarte. Baina aurten, herritarren eskaerak kontuan hartuta, pandemia aurreko formatura bueltatu gara eta erromeria izango dugu. Horrez gain, Beheko zelaia biziberritu nahi izan dugu, lehen zeukan zentralitatea emateko, eta formatu aldaketa honek aukera ederra ematen du”, aipatu du Eli Azpiazu Aulestiko zinegotziak.
Ohi legez, mezarekin emango diote hasiera Santa Eufemi egunari eta ume eta gaztetxoenek bola joko topaketagaz eta txapel jaurtiketagaz gozatzeko aukera izango dute egunean zehar. 13:30ean herri txikiak bizirik! lemapean, elkarretaratzea egingo dute zelaian, azken hilabeteetan aurrera eramaten ari diren borrokari jarraipena emateko: “Zelaian batuko gara Herri txikiak bizirik! nahi ditugula aldarrikatzeko. Sinadura bilketa jarri genuen abian pasa den zapatuan eta Santa Eufemin ere sinadurak batzen egongo gara, baita kamisetak saltzen ere”.
Elkarretaratzearen ostean, ez da planik faltako Aulestin, eguerditik aurrera erromeria egongo baita Izarra eta Gorka trikitilarien eskutik. Ondoren, 18:00etan nagusien txapel jaurtiketaren txanda izango da eta egunari amaiera emateko Bide Batez erromeria taldeak hartuko du oholtza.
Astea jai giroan hasi ondoren, barikuan [irailak 20] emango diote jarraipena 22:30ean hasiko den musika ekitaldiarekin. Musika estiko desberdinak nahastuko dira oholtzan eta Deskontrol taldea izango da Oi! musikagaz herritarrak dantzan jarriko dituen lehenengoa. Oxabi erromeria taldeak ordezkatuko ditu arrasatearrak eta amaitzeko, Lumatzak MJ hirukote ondarrutarra igoko da eszenatokira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Lea-Artibaiko herri guztietatik Gababusa egongo da, joateko eta bueltzatzeko, eta Lekeitiotik eta Gernikatik Bizkaibus zerbitzua ere egongo da.
Egun berezia da aulestiarrentzat domekakoa [irailak 22], jendetza batzen baita Santa Eufemiko ermita inguruan. Mezaren ostean, urtero bezala, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute, Eingo eskolako ikasleen musika emanaldia egongo da goizean zehar eta eguerditik arratsaldera bitartean, txapelketak izango dira nagusi Aulestin. 13:30ean hitzordu garrantzitsua izango dute: 43. Ermitara igoera. Iaz 45 korrikalarik eman zuten izena eta gaur gaurkoz inork ezin izan du Julen Aranguenaren denbora hobetu, 10. aldiz jantzi zuen txapela pasa den urteko 42. Ermitara igoeran.
Gizonezkoetan eta emakumezkoetan sari berdinak egongo dira: irabazleak 90 euro eta txapela, bigarrenak 75 euro, hirugarrenak 60 euro, laugarrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro. Horrez gain, aurreko marka gainditzen duenak 60 euroko saria jasoko du. Ostean, 34. Irrintzi txapelketa hasiko da eta lehenengo hirurek izango dute saria: irabazleak 85 euro eta txapela, bigarrenak 70 euro eta hirugarrenak 45 euro. “Belaunaldi berriak behar ditugu irrintzi txapelketan. Beraz, gazteei parte hartzeko deia egiten diegu”. 16:00etan bola joko txapelketarekin jarraituko dute eta ondoren, Bizkaiko 33. Hiru Txirlo bola joko txapelketaren finala egongo da. Amaitzeko, berreskuratu berri duten formatuagaz, Eingo musika taldearen erromeria egongo da, Beheko zelaian. Antolatzaileek aipatu dutenaren arabera, “goizeko 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxita egongo da”.
Ermita igoera. Zazpi hilabetean zehar egiten den lasterketa laburren liga da Igoera Herrikoien Liga. 2024. urtean 8 proba desberdinek osatu dute eta horietako bat da irailaren 22an [domeka] Aulestin lehiatuko den Santa Eufemiko 34. Ermita igoera. Hainbat dira liga honen helburuak, baina horietako bat “herritik sortutako istoriodun lasterketa hauek babestu eta ezagutaraztea” da, baita, “igoera herrikoien biziraupena bermatzea”. Horrez gain, adin tarte zabalari zuzendutako probak dira, kutsu herrikoagaz, beraz, igoera amaitzeko aukera dute parte hartzaileek, “bakoitzaren erritmoaren araberakoa” baita. Sailkapen orokorrean parte hartu nahi duenak, proba guztietan parte hartu beharko duela azaldu dute antolatzaileek, baina sailkapen orokorrean lehiatu ez eta proba egin nahi dutenek, edozein lasterketan parte hartu dezaketela adierazi dute.
ASTELEHENA, IRAILAK 16
- 10:00. Meza ermitan.
- 11:00. Ume eta gaztetxoentzako bola joko topaketa.
- 12:00. Poniak. Zelai Alairen eskutik.
- 12:00. Meza goiko zelaian.
- 13:30. Kontzentrazioa zelaian Herri txikiak bizirik! lemapean.
- 16:30. Ume eta gaztetxoentzako txapel jaurtiketa.
- 18:00. Nagusientzako txapel jaurtiketa.
- Eguerditik aurrera. Erromeria Izarra eta Gorka trikitilarien eskutik.
- 20:30. Erromeria Bide Batez taldeagaz, plazan.
BARIKUA, IRAILAK 20
- 22:30. Musika ekitaldia: Deskontrol, Oxabi eta Lumatzak MJ.
DOMEKA, IRAILAK 22
- 10:00. Meza ermitan.
- 12:00. Meza goiko zelaian.
- 12:45. Kontzentrazioa zelaian Euskal preso politikoen eskubideen alde. Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak antolatuta.
- Goizean zehar. Eingo eskolako ikasleen musika emanaldia.
- 13:30. 43. Ermitako igoera.
- 14:00. 34. Irrintzi txapelketa.
- 16:00. Nagusien Santa Eufemiko bola joko txapelketa. Bizkaiko 33. hiru txirlo bola joko txapelketaren finala.
- 16:30. Erromeria Eingo musika taldearen eskutik, beheko zelaian.