Lokutorio greba hasiko dute bihar 'Pototo'-k eta Gallastegi anai-arrebek
Julen Atxurra 'Pototo' preso lekeitiarrak eta Orkatz, Lexuri eta Irantzu Gallastegi preso mutrikuarrek hasiko dute greba, beste bederatzi euskal preso politikogaz batera. Zaballako espetxean dituzten komunikazio gabeziak salatu, eta konponbideak eskatu dituzte.
Zaballako espetxean dauden hainbat presok, tartean Julen Atxurra ‘Pototo’ preso lekeitiarrak eta Orkatz, Lexuri eta Irantzu Gallastegi preso mutrikuarrek lokutorio greba hasiko dute bihar [irailak 13]. Espainiako Estatuko espetxeetatik Euska Herriratu zituztenetik “komunikazioaren alorrean gabezia ugari” aurkitu dituztela salatu dute presoek: “Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono deiei dagokienean ere, garestiegiak izateaz gain, gaizki kokatutako gailu zaharkitu eta matxuratuak erabili behar ditugu”.
Jakinarazi dutenaren arabera, hainbat alditan eskatu diete espetxeari egoera konpontzeko irtenbideak emateko, baina ez dute erantzunik jaso: “Eroarena egiten du aldiro”. Gaineratu dutenez, azken hilabeteetan “jada erdipurdi zebiltzan lokutorioetan” beste arazo bat egon da, eta 28tik lau lokutorio baino ez dira egon erabilgarri. “Behin eta berriz” matxura konpontzeko eskatu duten arren, ez dute konponbiderik jaso: “Alferrik. Aitzakia merkeak soilik eskaini dizkigu. Konponbiderik ez, ezta alternatibarik ere”.
Joan den asteburuan ere, lokutoriora joan eta laugarrenez egoera berbera aurkitu zutela salatu dute presoek: “Bertan egin diogu uko bisitari hainbat euskal preso politikok. Gure senide eta lagun batzuek kanpora bidean kartzelaren arduradun batekin elkartzea exijitu zuten, eta horrekin hitz egin ostean, egoeraz kexatu ziren idatzi baten bidez”.
Aldarrikatu dute preso denentzat oinarrizko eskubidea dela euren gertukoekin hurbilekoekin harremana izateko: “Euskal preso politikoak gainera herritarrekin lotura estua dugunez, funtsezkoa dugu”. Harremana izan bakarrik ez, baldintza duinak eskatu dituzte: “Ezin dugu onartu bisitak gauzatzea Zaballan dauzkagun baldintzetan”.
Espetxearen “utzikeria eta lainezarekin nazkatu” direla adierazi dute, eta arazoa konpondu bitartean lokutorio greban egongo dira hainbat euskal preso politiko: “Lokutorio grebari ekingo diogu Zaballako espetxeari matxuratutako lokutorio guztiak behingoz konpondu ditzala eskatzeko, bisitak baldintza duinetan egin ahal ditzagun”.
Lokutorio greban egongo dira, Pototo eta Gallastegi anai-arrebekin batera Garikoitz Etxebarria, Jexus Mari Etxeberria Goierri, Fernando Garcia, Xabier Garcia, Aitor Cotano, Jon Kepa Preciado, Mikel San Sebastian, Dani Pastor eta Andoni Goikoetxea ere.