XI. Surf Eguna ospatuko dute zapatuan Karraspion
Artzabal Surf Elkarteak egun guztiko egitaraua antolatu du. Besteak beste, goizean doako surf ikastaroa eta arratsaldean surf txapelketa egongo dira.
Uda bere azkenak ematen ari da, eta horrekin batera helduko da surflarien artean hitzordu garrantzitsua bihurtu den eguna ere. Zapatuan [irailak 14] XI. Surf Eguna ospatuko dute Karraspio hondartzan, Artzabal Surf Elkartearen ekimenez. Urteroko egitarauak ondo funtzionatzen duela-eta, aurten ere egun guztiko egitaraua antolatu dute Artzabaleko bazkideek.
Eguna, hain zuzen ere, surf egiten hasiko dute. Adin mugarik barik, nahi duten denek eman ahalko dute izena surf ikastaroan; doakoa izango da, eta egunean bertan eman behar da izena. Antolatzaileek azaldu dutenez, jende askok parte hartzea espero dute, eta beraz, talde bakoitzak 45 minutu inguruko saioa egingo du. Hala, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte surfean ariko dira denak.
Uretan ibiltzeak gosea sortzen duela-eta, 13:30ean parrillada egingo dute, indarrak hartzeko. Aspertzeko astirik barik, 14:00etan oreka tailerrari ekingo diote. Leaktibairen laguntzagaz, surfarekin lotura duten hainbat oreka ariketa egiteko aukera egongo da: roll-ball surf, slackline, akrobaziak… Azaldu dutenez, oreka tailerrerako ez da izenik eman behar.
Arratsaldea, berriz, surf txapelketagaz hasiko dute. Txapelketa aurrera eroateko, eguraldiari eta itsasoaren egoerari begira egon ohi dira antolatzaileak. Hala, aurten eguraldi ona espero duten arren, ez dituzte olatu handiak espero. Hori dela eta, ez dute uste baldintzak egokiak izango direnik nagusien txapelketa egiteko. Hala ere, ume eta gazteentzako txapelketak aurrera jarraituko du; parte hartu nahi dutenek egun berean eman beharko dute izena.
Surf txapelketako sari banaketa egingo dute 18:00etan, eta baita surfeko taula baten zozketa ere. Egunagaz amaitzeko, aldiz, musika emanaldia edukiko dute: Entzi eta otsoa.
Egitaraua.
- 10:00-13:00. Surf ikastaroa. Izen ematea, egunean bertan.
- 13:30. Parrilada surferoa.
- 14:00. Oreka tailerra.
- 17:00. Gazteen surf expression txapelketa. Izen ematea, egunean bertan.
- 18:00. Sari banaketa eta taula zozketa.
- 19:00. Zuzeneko musika: Entzi eta otsoa.