Belaunaldi berrien olatuaren gainean
70 surfzale inguru elkartu ditu zapatuan [irailak 14] XI. Surf Egunak, Karraspion. Surf tailerrek bereganatu dute harrerarik onena, baita parrilladak ere.
Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, XI. Surf Eguna ospatu zuten Karraspioko hondartzan, iragan zapatuan [irailak 14]. Egun osoko egitarauaz gozatu zuten bertaratu ziren surfzaleek. 70 lagun inguru animatu ziren parte hartzera, eta denetariko eskaintzaz gozatu ahal izan zuten. Antolakuntzatik azaldu dutenez, “oso pozarren” ibili dira, eta egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute.
Goizeko doako surf tailerrek erakarri dute arretarik handiena. Izan ere, surf ikastaroa egiteko baldintza apartak eduki zituzten: “Eguraldi bikaina egon zen, olatu handiegirik gabe; surfean ikasteko eta trebekuntzarako, baldintza oso egokiak dira”. 15 lagun inguruko txandaka antolatu zituzten tailerrak, arreta bereziki ume nahiz gaztetxoenan ipiniz: “Harrobi lana egiten saiatzen gara urtero-urtero, eta normalean herritarrek bikain erantzun ohi dute, gogotsu itxaroten diote Surf Egunari”.
Uretatik aterata, oreka tailerraren “irakurketa oso ederra” egin dute. Besteren artean, roll-ball surf-a, slackline-aedota akrobaziak egiten doitu ziren parte hartzaileak. Horrez gain, parrilladari ere gogotsu itxaron zioten. “Prestatutako janari guztia amaitu zen; horrek ezinhobe bistaratzen du jendeak zelako erantzun polita eman zion jardunaldiari”, adierazi dute. Arratsaldeko txapelketak 15 lagun inguru erakarri zituen. Saio horregaz ere aseta geratu dira antolatzaileak, baina hurrengo urteari begira “hausnarketarako tartea” dagoela nabarmendu dute: “Kargutu gara txapelketa berbak urduritasuna edota zelanbaitako presioa sorrarazten diela partaideei eta, horrenbestez, hurrengo aldietara begira lehiakortasun kutsu hori kentzeko formulak zein formatuak bilatuko ditugu, betiere jolasak eta aisialdia ardatz hartuta”.
Negurako hitzordua.
Lehiatik gehiago edukiko duena “neguko txapelketa” da. Hain zuzen ere, nagusiei begira dagoen ekimena da hori, “negu partean eta bestelako itsas baldintzekin” egin ohi dutena: “Egitasmoa apurka-apurka prestatzen joango gara eta, baldintzarik egokienak iristen direnean, aktibatu egingo dugu txapelketa”.
Amaitzeko, antolakuntzak “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkie hala laguntzen ibilitako bazkideei, nola parte hartzaileen gurasoei: “Auzolanean antolatzen den jardunaldia da, denetariko prestakuntza lanak eskatzen dituena; guztien inplikazioari eta beharrari esker lortu dugu beste behin aurrera eroatea”.