Berriatua eta Markina-Xemein, txapeldun
Markina-Xemeingo eta Berriatuko zesta-punta klubek Espainiako Txapelketa irabazi dute joan den asteburuan, Katalunian.
Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Egora Olimpics Vall d’Hebron pilotalekuan erabaki da, iragan asteburuan, kluben arteko Espainiako Txapelketa, 54 metroko luzeradun frontoi modalitatean. Bertan Mutrikuko nahiz Lea-Artibaiko ordezkaritza zabalak lehiatu du eta, hain zuzen ere, isla argi eta garbia eduki du txapelketan. Izan ere, Berriatua gizonezkoen artean nagusitu da, eta Markina-Xemein, berriz, emakumezkoen lehian.
Irailaren 7an eta 8an txapelketaren lehendabiziko hiru jardunaldiak egon ziren jokoan. Iragan zapatuan [irailak 14] eta domekan [irailak 15], berriz, finalaurrekoen eta finalen txanda izan zen, hurrenez hurren. Emakumezkoen finalerdietako lehenengoan, Markina-Xemein Ak Zumaiako A eduki zuen aurrez aurre. Erika Mugartegik eta Arai Lejardik osatutako bikoteak 2-0 irabazi zieten Ihart Arakistaini eta Frida Watkinsi. Malgutasun handiz gailendu ziren markina-xemeindarrak: 15-5 eta 15-6 irabazi zituzten set biak ala biak. Beste finalaurrekoan, Berriatua Ak Danok Bt A taldea menpean hartu zuen, 2-1ekoagaz. Elaia Gogenolak eta Maialen Aldazabalek, Maite Ortiz de Mendibilen eta Oaia Otañoren aurka, beren legea ezarri zuten lehen setean: 15-9. Bigarrenean, baina, Mutrikuko klubak partidua irauli zuen, jokoa 12-15ekoagaz irabaziz. Azkenean, ordea, 10-2ko markagailu sendoz nagusitu ziren berriatuarrak.
Emakumezkoen Espainiako Txapelketaren final handian eskualdekide bik neurtu zituzten indarrak. Mugartegik eta Lejardik 15-7koa lortu zuten lehenengo setean Gogenolaren eta Aldazabalen aurka, baina azken horiek asmatu zuten norgehiagokari buelta ematen, bigarren seta 10-15 irabazi baitzuten. Berdinket hausteko hirugarren eta azken setean, 10-6ko markagailuagaz lortu zuten garaipena markina-xemeindarrek. Azken sailkapenean, Markina-Xemein A, Berriatua A eta Danok Bat A klubek lortu zituzten, hurrenkera horretan, podiumeko lehen hiru postuak; ondorengo bietan Zumaiako A eta Vasconia A sailkatu ziren.
Berriatuarrak, nagusi.
Gizonezkoen artean, finalaurrekoak Zumaia, Gernika-Lumo, Noain eta Berriatuako klubek lehiatu zituzten. Lehenengoan, Zumaiako Ak Gernika A 2-1 menperatu zuen. Zumaiarren ordezkaritzak, Gonzalo Agirrek eta Julen Cabanillasek, 15-13 irabazi zieten Urko Lekerikabeaskoa eta Oiez Diez gernika-lumotarrei lehen setean; azken horiek, baina, 12-15 irauli zuten neurketa, baina azken setean tanto bakar batengatik galdu zuten finalerako txartela, 10-9 borobildu baitzuten finalerdi zumaiarrek. Bigarren finalaurrekoan, berriatuarrek nafarrei ez zieten inongo aukerarik laga. Berriatua Ak 2-0 lortu zuen garaipena Noain Aren kontra. Martin Azpirotzek eta Ruben Bailok ezer gutxi egin ahal izan zuten Antxon Alberdiren eta Ortzi Aldazabalen aurka. 8-15ekoagaz eta 14-25ekoagaz sailkatu ziren Berriatukoak finalera.
Final hori, hain zuzen, markagailu berberagaz poltsikoratu zuten, domekan. Agirrek eta Cabanillasek, gogor saiatuta ere, ez zuten aukerarik eduki. Alberdik eta Aldazabalek hasieratik amaierara bitartean aginte makila eduki zuten. Lehen setean 8-15ekoa lortu zuten; bigarrenean, aurkariek estuago hartu zituzten, baina berriatuarrek 14-15ekoagaz sinatu zuten txapelketa. Ondorengo hurrenkeragaz geratu da gizonezkoen sailkapena: Berriatua A, Zumaiako A, Gernika A, Noain A, Markina-Xemein A, Hondarribiko A eta, azkenik, Vasconia A.