Lekeitioko EAJk positiboki baloratu ditu aurtengo San Antolin jaiak
Herritarren parte hartze zabala nabarmendu dute. Zenbait alderditan "gogoeta" egiteko eta "arreta berezia" ipintzeko eskatu dute.
Egun batzuk pasa dira jada lekeitiarren San Antolin jaiak agurtu zituztenetik, eta herriko EAJk aurtengo jaien balorazioa egin du. Jai giroa eta herritarren parte hartze zabala azpimarratu dituzten arren, “gogoeta eta arreta berezia” ipini nahi izan dute beste hainbat gaitan ere.
Jai Batzordeak eta Antzar Komisioak egindako lana, esaterako, goraipatu egin dute jeltzaleek. Aurtengo jaiak “lan gogor baten emaitza” izan direla adierazi dute, eta horiei herritarrek emandako erantzuna, berriz, positiboa. Mota guztietako eta herritar guztientzako ekintzak antolatu dituztela goratu dute: “Denok gozatu eta ondo pasatzeko aukera izan dugu: musika eta kirol ekitaldiak, kalejirak, gastronomia lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak… Ekitaldi guztiek arrakasta handia izan dute”. Jaietan eguraldia oztopo izan badute ere, aurten ere herritarren “izaera alaia” antzeman dela azpimarratu dute, “parte hartze bikainagaz”.
Era berean, herriko eragile ezberdinen konpromisoa, denbora eta lana ere txalotu egin dute. Bereziki eskertu nahi izan dute aurtengo txupinerek hainbat urtetan egindako lana ere: “Gure esker berezia Ixone eta Romi Markes lekeitiarrei, urteetan zehar Lekeitiori egiten diozuen ekarpenarengatik”.
Gogoeta egiteko deia. Hala ere, hainbat gairen inguruan “gogoeta eta arreta berezia” egiteko eskatu dute EAJko ordezkariek: “Lekeitioko EAJtik uste dugu arreta berezia eta gogoeta behar duten gaiak ere badaudela. Badugu zertan hausnartu eta zertaz kezkatu”. Jaietan salatu diren mota guztietako erasoak gogora ekarri, eta jokabide horiek salatu egin dituzte: “Tamalez, ezin izan dugu eraso matxista eta sexistarik gabeko jaiez gozatu, ezta eraso homofobo eta transfoborik gabe ere. Behin eta berriz esango dugu jokabide horiek erabat arbuiagarriak direla eta ekintza horiek ez direla Lekeitioko gizartearen balioak”.
Jai ereduari begira ere ipini dira, eta “lanean jarraitu” behar dela ondorioztatu dute: “Badira kezkak alkoholaren eta kontsumoen, hondakinen eta zaratarekin erlazionatuta.
Jaietan egon diren apurketak eta jarrera desegokiak salatu dituzte.
Era berean, “herriak erakutsi duen aurpegia” ere, zalantzan ipini dute: “Herria pankartaz beteta, hormak kartel eta pintadaz josita, zikinkeria nagusi… Garai ilunetako itxura hartuz. Adierazpen askatasuna ez da aitzakia norberak nahi duena eta nahi duen tokian egiteko”. Hori horrela, herria eta herriko kaleak herritar guztienak direla aldarrikatu dute.
Lekeitioko Udalak argitaratutako oharragaz bat egin, eta jaietan herrian egon diren apurketak eta jarrera desegokiak ere salatu dituzte: “Apurketek, kontenedoreak erretzeak, errespetu faltek… ez dute lekurik ez jai giroan ezta urte osoan zehar ere”. Hala ere, ohar horretan irailaren 1ean emandako erasoak falta direla uste dute: “Izan ere, txosnagunean festaz gozatzen ari ziren gazte lekeitiarrak erasotuak eta kanporatuak izan diren euren ogibideagatik. Hain zuzen ere, ertzainak izateagatik”.
Hori dela eta, txosnagunean gertatutako “eraso eta diskriminazioen aurrean” EH Bilduren udal gobernuari eskaera bat egin diete: “EH Bilduren udal gobernuari, eta bereziki, alkateari, onargarritzat eman ezin den gertakari horren aurrean publikoki ezadostasuna agertu, eta udalbatza osatzen dugun alderdi guztien arteko adierazpen bateratua ateratzeko eskaria egin dugu, gertakariak argitu eta ikerketen ondorioz hartu beharreko neurriak has daitezen”. Era berean, euren “babes osoa” erakutsi nahi izan diete “erasoa eta bereizkeria jasan duten ertzain herritarrein, zein bere ogibideagatik baztertuak izan diren herritarrei”.
Halako gertakariak ez daitezen errepikatu herritar, eragile, elkarte eta erakundeen arteko elkarlanagaz jarraitu behar dutela azpimarratu dute: “Azken finean, lekeitiarrok gure jaiak bakean eta liskarrik gabe gozatzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu; jai seguruak nahi ditugu herritar guztientzat, eta beraz, benetan denontzako jaiak izatea”. Hala, eskerrak eman nahi izan dizkiete jaiak posible egin dituzten talde guztiei.