Danon Artin Elkartearen erakusketa ikusgarri dago Ondarroako Erakusketa Aretoan
Irailaren 22ra arte [domeka] egongo da Danon Artin Elkartearen Arte Erakuesketa solidarioa ikusteko aukera. Elkarteak bertaratzeko deia egin die herritarrei.
Barikuan [irailak 14] ireki zituen ateak Danon Artin Elkartearen erakusketa solidarioak Ondarroako Erakusketa Aretoan eta domekara [irailak 22] arte ikusgarri egongo da. Astelehenetik ostiralera bitartean 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik eta zapatu eta domekan 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 21:00etara. Bertan, artista desberdinen lanak egongo dira salgai eta elkartearen diru sarrerak bermatzea da helburua: “Taldeko kide batek izan zuen erakusketa egiteko ideia. Geroz eta janari gutxiago jasotzen dugu Bizkaiko Elikagai Bankutik eta hilabeteko janaria banatzeko bermea behar genuen, beraz, arte erakusketa solidarioa antolatzea ideia ona iruditu zitzaigun”.
Artista desberdinekin harremanetan jarri ondoren 40 artelan inguru jarri dituzte erakusketan salgai, baita Felix Beristainen serigrafia originala ere: “Eskerrak eman nahi diegu artelanak eman dizkiguten artista guztiei, baita Felix Beristaini ere, bere serigrafia originala gure erakusketara bideratzeagatik”. Beristainen lanarekin zozketa egingo dute urriaren 28an: “Ez genekien zenbateko prezioa jarri Beristainen lanari, beraz, zozketa egitea erabaki genuen. Euro baten truke tiketak salgai daude herriko komertzioetan eta urriaren 28an, janaria banatu ondoren, zozketa egingo dugu”. Ondarroako Dendari eta Ostalari Elkartea den Zatozteko dendetan daude salgai zozketako tiketak: Arantza Estetika, Frias, Goiara, Idiakez Liburudenda, Klik Klak, Kurike, Lorak Esther, Marta Ileapaindegia, Nerea Belar Denda, Vitoria Optika, Zatozte eta Zurkulu.
Danon Artin Elkartetik erakusketara hurbiltzeko deia egin die herritarrei, “ahal diren artelan guztiak” saltzea baita elkartearen helburua.
Argazkiak: Danon Artin Elkartea.