Gimnasio funtzional ikastaroa emango dute Munitibarren
Lea Ibarra Pilota Elkarteak antolatuta eta Munitibarko Udalak babestuta, gimnasia funtzional ikastaroa emango dute Munitibarren. Sei pertsonako taldeak osatzea dute helburu, entrenamendu funtzionalez goza dezaten. Martitzenetan eta eguenetan, txanda bi egongo direla aurreratu dute antolatzaileek: lehendabiziko taldeak 19:00retatik 20:00retara arteko tartea edukiko du; bigarrenak, ostera, 20:00retatik 21:00retara bitartekoa. Zapatuetan, aldiz, txanda bakarra egongo dela iragarri dute: 10:00ak eta 11:00ak artekoa.
Aurreko urtean parte hartutako herritarrek aurten lehentasuna edukiko dutela aurreratuta, antolakuntzatik azaldu dute hutsuneak izen emate hurrenkeraren arabera beteko dituztela; tokirik eskuratzen ez dutenak, berriz, itxaron zerrendara pasatuko dira. Ikastaroa astean egun batez hartzea hautatzen dutenek ondorengo prezioa edukiko dute: bazkideek, 45 euro hiruhilabeteko; ez bazkideek, 66 euro. Egun bi aukeratuz gero, hurrenez hurren, prezioak 68 eta 100 eurokoak izango lirateke. Izena emateko prozedura, WhatsApp bidez egin beharko da, 615 71 22 62 telefonoagaz (Olatzen izenean).