Bihar hasiko da Euskal Herriko zesta-puntako Elite Txapelketa, Mutrikun
Barikuan [irailak 20] hasiko da txapelketaren liga fasea Mutrikuko Muruaitz pilotalekuan. Urriaren 25ean amaituko da, final handiarekin.
Atzo [irailak 18] aurkeztu zuten 2024ko Zesta Puntako Emakumezkoen Elite txapelketa Mutrikun, eta bertan esan bezala, Euskal Herriko zortzi puntista onenek parte hartuko dute txapelketan. Bihar [irailak 20] emango diote hasiera hirugarren edizioari eta urriaren 25era arte iraungo du. “Aurreko bi urteetan, emakumezkoen Zesta Puntako Elite txapelketa arrakasta handiz antolatu eta gero, ostiral honetan hirugarren edizioaren txanda izango da Mutrikuko Muruaitz pilotalekuan”, aipatu dute Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako kideek.
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak, Mutrikuko Udalak eta Mutrikuko Danok Bat Pilota Elkarteak antolatutako txapelketan guztira zortzi puntistek parte hartuko dute, Lea-Artibai eta Mutriku jokalariei dagokienean, sei izango dira bertokoak. Aurrelariak Gogenola (Berriatua), Mugartegi (Markina-_Xemein), Ortiz de Mendivil (Danok Bat) eta Merino (Gazteleku) izango dira. Atzelariak, berriz, Lejardi (Markina-Xemein), Aldazabal (Berriatua), Watkins (Zumaia) eta Otoño (Danok Bat) izango dira.
Liga faseko partidak irailaren 20an, 27an eta urriaren 4an izango dira eta finalerdiak urriaren 11n. Hiru eta laugarren postuetako norgehiagoka eta final handia urriaren 25ean jokatuko dira. Partida guztiak 19:30ean abiatuko dira.
Zozketa bidez zehaztu dute antolaketa guztia eta bikoteak aldatu egingo dira lehenengo fasean: “Aurrelari bakoitzak atzelari desberdinekin jokatuko ditu liga faseko 3 jardunaldiak eta atzelariek berdin”. Irailaren 20an Gogenolak Watkinsekin jokatuko du, Ortiz de Mendivil eta Otañoren aurka eta Mugartekin eta Aldazabalek Merino eta Lejardi izango dituzte aurkaritzat. Irailaren 27an Gogenola eta Aldazabal bikotea Mugartegi eta Watkinsen aurka arituko dira eta Ortiz de Mendivil eta Lejardi, Merino eta Otañoren kontra. Lehenengo fasea amaitzeko, urriaren 4an jokatuko da azken partidua. Honetan, Gogenola eta Otaño, Merino eta Aldazabalen aurka arituko dira eta Ortiz de Mendivil eta Watkins, Mugartegi eta Lejardiren aurka.
Liga faseko puntuazio sistemari dagokionez, emaitzaren araberako puntuazioa jasoko du puntista bakoitzak, hau da, 30-10 edo gehiagoko abantailarekin partida irabazi dutenek 100 puntu eskuratuko dituzte, galtzaileek, berriz, 0 puntu. 30-20 edo gehiagoko abantailarekin irabazi dutenek 80 puntu jasoko dute, galtzaileek, 20 puntu. Azkenik, 30-(21-29) arteko abantailarekin irabazi dutenei 60 puntu emango zaie eta galtzaileek 40 puntu. Liga faseko partidak irailaren 20an, 27an eta urriaren 4an lehiatuko dira.
Aurreko fasean lortutako puntuazioaren arabera osatuko dira finalerdietako bikoteak eta urriaren 11n jokatuko dira bi partidak. Urriaren 25ean, berriz, final handia eta hirugarren eta laugarren postuak lehiatuko dira.
EGUTEGIA
- Irailak 20
- Gogenola/Watkins– Ortiz de Mendibil/Otaño
- Mugartegi/Aldazabal– Merino/Lejardi
- Irailak 27
- Gogenola/Aldazabal– Mugartegi/Watkins
- Ortiz de Mendibil/Lejardi – Merino/Otaño
- Urriak 4
- Gogenola/Otaño– Merino/Aldazabal
- Ortiz de Mendibil/Watkins– Mugartegi/Lejardi
- Urriak 11
- Finalerdiak.
- Urriak 25
- Hirugarren eta laugarren postua eta finala.