Inoizko jende gehien batuko da VIII. Ondarru-Lekitto lasterketan
17:00etan hasiko da lasterketa Ondarroako Itsasaurre plazatik eta Lekeitioko Independentzia Plazan izango du helmuga.
250 lagun batuko dira Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeak antolatutako VIII. Ondarru-Lekitto lasterketan. Zapatuan [irailak 21] izango dute hitzordua korrikalariek, 17:00etan Ondarroako Itsasaurre plazatik abiatuko da lasterketa Lekeitiora, herri barrutik kilometro batzuk egin ostean, kostaldeko errepidetik igaroko da. Tarte horretan, errepidea itxita egongo dela abisatu dute. Lekeitioko Independentzia plazan izango du helmuga lasterketak.
Antolatzaileak “pozik” agertu dira parte hartzaile kopuruarekin, eta datorren urtera begira muga handitzeko helburua dute: “Orain arte, 238 parte hartzailera arte heldu gara eta oraingoan inoizko gehien batuko gara, 250. Muga hor daukagu jarrita, betez ere, irteerako momentuan arriskutsua izan daitekeelako, jende asko batzen baita. Mugara heldu gara eta oso pozik gaude, jendeak gustuko du lasterketa hau eta hurrengo urtera begira erronka berria daukagu; ahal den heinean muga handitzea, inor ez dadin gelditu itxaron zerrendan”.
100 boluntariotik gora ibiliko dira zapatuan alde batetik bestera, beharrezkoak diren lanak egiten. Antolatzaileak eskertuta agertu dira erantzun honekin eta lan boluntarioaren beharrezkotasuna azpimarratu dute.
Behin lasterketa bukatu ondoren, giroa mantentzeko, jan-edanerako aukera egongo da helmugan, txosna jarriko baitute. “Gogotsu bezain urduri” daude antolatzaileak, baina lasterketa geroz eta hurbilago dagoen honetan dena prest daukate: “Egun hauetan urduri egoten gara, dena ondo ateratzea nahi dugulako, baina aldi berean, gogotsu gaude. Eguraldia lagun izatea espero dugu, horrek asko baldintzatzen baitu dena”.