Osertz Aldaik Isuntzako mutil seniorrekin jarraituko du
Bederatzi urte egin ditu Osertz Aldai Eizagirre hondarribiarrak Isuntza Arraun Elkartean, eta hamargarrenaren bila doa. Isuntzako Zuzendaritza Batzordeak jakitera eman duenez, datorren denboraldian ere mutil seniorren trainerua zuzentzen jarraituko du Aldaik.
2016an hasi zen Aldai Isuntzan, eta Zuzendaritza Batzordearen esanetan, harekin ireki zuten etapa “oso emankorra” izaten ari da: “Berarekiko konfidantza osoa berresten dugu”. Era berean, eskerrak ere eman nahi izan dizkiete hondarribiarrari: “Eskerrak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan egiten ari den lana, klubarekiko duen konpromisoa eta lortutako emaitzak balioan jarriz”. Gaineratu dutenez, arraunlariei ere eskerrak eta zorionak eman nahi izan dizkiete, “2024an egindako denboraldiarengatik”.
Aurrera begira ipinita, helburuak mantendu egiten dituztela esan dute: “Mutilen traineruarekin gorengo mailan lehiatzeko helburuagaz jarraitzen dugu, gazte mailetatik datozen belaunaldi berriei ateak irekitzen joanda”.