Imanol Larrañaga eta Idoia Nogales, txapeldun VIII. Ondarru-Lekitto lasterketan
Imanol Larrañaga azkoitiarra aurretik joan da lasterketa guztian, eta Karraspiora heltzerako alde nabarmena atera die denei. Idoia Nogales debarrak bigarren aldiz jarraian jantzi du txapela. Lea-Artibaiko onenak Zenabua Eiguren lekeitiarra eta Iker Ormaetxea ondarrutarra izan dira.
Heldu da korrikalari askorentzat gorriz markatuta dagoen hitzordua, heldu da Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa korritzeko eguna. Inoizko parte hartze handienagaz, 250 korrikalarigaz (207 gizonezko eta 43 emakumezko), abiatu da lasterketa gaur [irailak 21] Ondarroatik, baina 228k amaitu dute ibilbide guztia. Iazko eguraldia korrika egiteko ezin hobea izan bazen, aurtengoa ez da hain ona izan: korrikalariek lasterketa lehor hasi duten arren, euria hasi da berehala, eta lehenengoek euritan egin dute lasterketa guztia.
Hala, Imanol Larrañaga azkoitiarra izan da, hain zuzen ere, helmugara iristen lehenengoa. Ondarroan lasterketa hasi eta berehala lortu dute Larrañagak eta Yassine Bih Bih mungiarrak aurrea hartzea; ia ibilbide guztian parekatuta ibili diren arren, Karraspiora heltzerako Larrañagak 30 segundoko aldea atera dio mugiarrari. Hala, azkoitiarrak 50 minutu eta 21 segundo behar izan ditu helmugara iristeko. Bih Bihk, berriz, 00:51:01eko denbora eginda amaitu du lasterketa. Hirugarren postuan Andoni Gomez bergararra gelditu da, 00:52:53ko denbora eginda.
Emakumezkoetan, berriz, bigarren aldiz jarraian irabazi du lasterketa Idoia Nogales debarrak. Iazko marka hautsi ez badu ere, hamar segundu gehiago baino ez ditu behar izan aurtengoa amaitzeko: 01:04:16ko denbora eginda amaitu du lasterketa. Nogales heldu eta gutxira iritsi da bigarren emakumea ere: Nere Arregi arrasatearrak 01:04:52ko denbora egin du. Podiuma, aldiz, Itsaso Gangoitia abadiñoarrak osatu du (01:06:40).
Lasterketa gogorra eta korrikalariei asko eskatzen diena izan arren, eskualdeko kirolariak ere ez dira atzean geratu. Sailkapen orokorrean laugarren postua, eta Lea-Artibaiko gizonezkoen artean lehenengoa lortu du Iker Ormaetxea ondarrutarrak, 00:53:24ko markagaz. Sei segundoko aldeagaz heldu da eskualdeko bigarren gizonezkoa, Antton Belaustegi lekeitiarra, hain zuzen ere. Hala, Belaustegik bosgarren postua lortu du sailkapen orokorrean, 00:53:30eko denbora eginda. Eskuadeko gizonezkoen podiuma Julen Etxebarria ondarrutarrak osatu du; saikapen orokorrean zortzigarren postua lortuta, 00:54:31ko denboragaz amaitu du.
Eskualdeko emakumeak ere, ez dira atzean geratu. Zenabua Eiguren lekeitiarrak eskuratu du lehenengo postua, 01:07:06ko denbora eginda. Tximista Atletismo taldekoek azaldu dutenez, Eiguren Tximistako entrenatzailea da aurten. Bigarren postuan, berriz, iazko eskualdeko emakume azkarrena gelditu da: Nahia Ibarzabal markina-xemeindarrak 01:07:20ko denbora eginda amaitu du lasterketa, bere iazko marka hautsita (iaz 01:08:57eko denbora egin zuen). Hirugarren postua, berriz, Ondarroara joan da: Idurre Larrañagak 01:08:11ko denbora egin du.
Taldekako emakumezkoen eta gizonezkoen sariak, berriz, lekeitiarrek irabazi dituzte. Emakumezkoetan Eiguren, Alaitz Kortabitarte, Marina Etxebarrieta eta Maria Robles izan dira azkarrenak, eta gizonezkoetan, Belaustegi, Haritz Garate, Alejandro Astaburuaga eta Beñat Garcia de Adoin. Lasterketa amaituta, iaz lehenengoz egon zen fisioterapia zerbitzuagaz gozatu ahal izan dute korrikalari denek.
Herritarrak eta eskualdekoak ugari izan diren arren, egon da urrunagotik etorri denik ere. Denen artean, baina, egon dira ibilbidea ezin hobeto ezagutzen zutenak ere. Bost korrikalarik Ondarru-Lekitto lasterketaren zortzi aldietan parte hartu dute: Arnaitz Aboitiz gizaburuagarrak, Jon Garramiola berriatuarrak, Markel Arano natxituarrak, Mikel Arenaza arrasatearrak eta Unai Yañez lekeitiarrak.
Balorazio ona. Hala, Tximista Atletismo taldekoak pozik geratu dira gaurkoagaz: “Ondo joan da dena, gu pozik gaude, eta esan digutenarengatik, korrikalariak ere bai. Eguraldia izan da pena, baina behintzat euririk barik hasi ahal izan dute lasterketa Ondarroan. 250 korrikalarigaz, inoizko parte hartzerik handiena eduki dugu, eta pozgarria da hori ere; gainera, euria egin badu ere, ez da inzidentziarik egon. Datorren urtekoari begira gaude jada”.