Raquel Samitierrek irabazi du Peru Abarka album lehiaketako ilustrazio saria
Epaimahaiak "proposamen garatu bat" aurkeztu duela arrazoitu du, "koloreen indar narratzailea" erabilita. Samieterren irudiek Ane Labakaren 'Murmur' lana ilustratuko dute. Urriaren 24an aurkeztuko dute liburua.
Euskal Herrian egiten diren bi album lehiaketatako bat, eskualdean egiten da, Markina-Xemeinen, hain zuzen ere. Markina-Xemeingo Udalak hainbat urte daramatza lehiaketa antolatzen, eta aurtengoari 2024 urtea hasteagaz batera eman zieten hasiera. Hala, joan den maiatzean eman zuten jakitera album lehiaketako narrazioaren eremuko irabazlea: Ane Labaka. Lekeition bizi den idazleak Murmur lanagaz lehiaketa irabazita, narrazio hura ilustratzeko irudi onenen bilaketa hasi zuten.
Udalak jakinarazi duenez, aurten guztira hiru izan dira ilustrazio lehiaketara aurkeztu diren lanak. Denetan onena, baina, Raquel Samitier ilustratzaile iruindarraren lana izan da. Hori horrela, bere ilustrazioekin osatuko da Labakaren Murmur lana, eta urriaren 24an aurkeztuko dute liburua.
Mari Eli Ituarte udal zinegotzia, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Asier Beltza Erein argitaletxeko kidea aritu dira epaimahai lanetan, eta Samitierren lana aukeratzearen arrazoiak azaldu dituzte: “Proposamen garatu bat aurkezteaz gain, koloreen indar narratzailea erabili, kontakizun plano desberdinekin jolas egin eta teknikaren erabilera interesgarria egin duelako aukeratu dugu”. Era berean, nabarmendu egin nahi izan dituzte ilustrazioaren beste hainbat alderdi ere: “Nabarmentzekoa da erabili dituen koloreen aukeraketa sotila, narrazioaren gaiarekin oso lotua; uraren urdina da gris eta zurien artean gailentzen dena, zenbait ilustraziotan, testuak sortzen duen tristura, samina, itolarria areagotzen du”.