Urriaren 26an emango diote hasiera Liburuaren amuak egitasmoari
'Erretzaile damutuen konpainia' izango da urriaren 26an [zapatua] landuko duten lehenengo liburua eta Aingeru Epaltza idazlea ere bertan egongo da.
Urtero bezala, aurten ere badator Ondarroako Udalak Udal Euskara Batzordearekin batera antolatutako Liburuaren amuak egitasmoa, Joxe Mari Urteagaren gidaritzapean. Urriaren 26an [zapatua] emango diote hasiera Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia liburuarekin eta idazlea bera ere bertan egongo da. Hileko azken zapatuetan “liburuak irakurri eta lagun artean komentatzeko” hitzordu aparta da honakoa, 10:00etatik 12:00etara bitartean, euskal literaturagaz gozatzeko aukera egongo da Ondarroako Udal liburutegian.
Helburu desberdinak ditu egitasmoak, eta urrian hasi eta maiatzera bitartean, bost liburu irakurri eta horiei buruzko hizketaldian murgilduko dira euskal literaturazaleak. “Alde batetik, euskaraz irakurtzeko gogoa sustatzea da helburuetako bat eta horrekin batera, irakurketa gustuko dugunon arteko loturan sakondu eta euskaraz irakurtzearen plazera zirikatzea. Euskaraz irakurtzeko beldurra kendu eta lagun giroan literaturaz goxo hitz egiteko aukera aparta da. Askotan, literatura, bizitzaz hitz egiteko aitzakia aparta izaten da, literaturako gaiak bizitzako gaiak direlako, eta hortik, bizitzako gora beherez ere hitz egiten dugu: heriotza, gerra, umorea…”, aipatu du Urteaga idazleak. Hasieran proba bezala hasi baziren ere, hamabigarren ikasturtea izango da aurtengoa eta balorazio “positiboa” egiten dute, bai bertaratzen diren irakurzaleek eta baita Urteagak berak ere.
Ikasturteko bigarren hitzordua azaroaren 23an izango dute eta Paul Austerren Kristalezko hiria liburua landuko dute irakurzaleek, omenaldi gisa: “Ikasturte amaieran hurrengo urtean landuko ditugun liburuen proposamenak biltzen ditut eta proposamen horietatik liburu batzuk aukeratzen ditut datorrenerako. Aurten, bi liburu izango dira taldean aukeratutakoak, horietako bat Paul Austerren Kristalezko hiria izango da. Denon artean aukeratu genuen Austerren liburua, apirilean hil zenez, omenaldi txiki bat egin nahi genion. Horrez gain, literatura unibertsalak ere bere lekua izan dezan eta itzultzaileen lana baloratzeko, itzulpenak ere lantzen ditugu”, zehaztu du Joxe Mari Urteagak. Otsailaren 22an bueltatuko dira berriro eta bertan, Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburua izango dute hizpide. Martxoaren 29an, Juliana Levelle-Trudel idazlearen Nirliit lanaren inguruan ariko dira. Maiatzaren 31n emango diote amaiera ikasturteari eta azkenengo honetan, idazlea ere solasaldiaren parte izango da, hain zuzen ere, Oihane Amantegi hurbilduko da irakurleekin batera Ibaiertzeko ipuina liburua landu eta lagun artean gozatzera.
Irakurtzeko zaletasuna duen edonorentzat zabalik dago egitasmoa eta parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena ematea komenigarria dela azpimarratu dute antolatzaileek. Horretarako, bi bide daude: udal euskara zerbitzura deituta 94 683 36 68 edo mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita. Horrez gain, Txomin Agirre udal liburutegira deituta 94 689 99 43 edo libutuegia@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita ere eman daiteke izena. “Izena eman ez dutenek ere aukera izango dute urriaren 26ko lehenengo hitzordura hurbildu eta bertan emateko”, azaldu du Urteagak.
IKASTURTEKO EGUTEGIA
Urriak 26
- 10:00. Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia liburuaren solasaldia, idazleagaz, Liburutegian.
Azaroak 23
- 10:00. Paul Austerren Kristalezko hiria aztergai, liburutegian.
Otsailak 22
- 10:00. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren inguruko hizketaldia, liburutegian.
Martxoak 29
- 10:00. Juliana Leveille-Trudelen Nirliit eleberria, liburutegian.
Maiatzak 31
- 10:00. Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuina, idazleagaz batera, liburutegian.