Hastear daude Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaiak
Aurten ere, herri kirolek protagonismo berezia izango dute Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaietan. Txupinazoarekin batera, etzi [zapatua] emango diote hasiera jaiei eta astelehenera [irailak 30] arte iraungo du festa giroak.
Samikolla eta Galbaixo jaiak pasata, udazkenaren batera badatoz Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimoko jaiak, zapatuan [irailak 28] hasi eta astelehenera [irailak 30] arte. Oraingoan ere, ez da planik faltako, eta herri kirolek beraien lekua izango dute egitarauan. Jai Batzordeko kideak, eta orokorrean, auzotarrak, “gogotsu” daude datozen egunetarako. Gainera, aurten ere, Mijoa auzoko industriagunea izango da jai giroaren eszenatokia.
Zapatuko [irailak 28] txupinazoarekin emango diote hasiera jai giroari, 17:30ean, eta jarraian, 18:00etan, “indar erakustaldi garaikide ikusgarria” egongo da. Crossfit Luma eta Crossfit Anbotoko kideen txanda izango da lehenengo, izan ere, industriagunean bertan kokatzen da Crossfit Lumako gimnasioa. Ondoren, Mutrikuko Sokatira Taldeak hartuko du lekukoa, munduko txapelketatik zuzenean Mutrikuko Mijoa auzora. Amaitzeko, Miren Galarraga, “Kurpitxa”, mutrikuarrak halterofilia erakustaldia egingo du. Galarragak Crossfit Luman hasi zuen halterofilia ibilbidea, eta bertako entrenatzaileak bultzatuta, Zarauzko Kirol Elkartera joan zen; bertan daramatza bi urte. Urte hauetan garaipen “esanguratsuak” lortu ditu Galarragak eta 2024. urteari dagokionez, lehenengo postuak ere lortu ditu. Esaterako, 20 urte azpiko Euskadiko Txapelketan (72kg-88kg) eta 20 urte azpiko Gipuzkoako Txapelketan ( 70kg-87kg) lehenengo postua eskuratu zuen, baita Gipuzkoako Unibertsitate Txapelketan (70kg-87kg) ere. Horrez gain, Euskadiko Txapelketa Absolutuan (64kg-85kg) hirugarren postuan gelditu zen.
Eguna biribiltzeko, 21:30ean, ITZEL erromeria arduratuko da auzotarrak dantzan jartzeaz, eta ondoren, txokolate beroa egongo da nahi duenarentzat.
Domekan [irailak 29] goizean goizetik ekingo diote egunari, eta umeek hartuko dute protagonismoa, izan ere, 11:00etan umeentzako mahai joko dinamikoak eta bizikleta kart zirkuitoa egongo da, eta 13:00etan auzoko ume eta gazteen arteko herri kirol saioarekin gozatzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Jarraian, auzotarren bazkarian bilduko dira Mijoa auzoko bizilagunak.
Astelehenean [irailak 30] San Jeronimo eguna ospatuko dute eta azaldu dutenez, “autobus zerbitzua egongo da 11:30ean Mutrikuko biribilgunean, eta bueltarako 13:30ean egongo da zerbitzua”. 12:00etan hasiko dute San Jeronimo eguna, mezarekin batera, eta ondoren, herri kirolen erakustaldia egongo da. 14:00etan zozketekin batera emango diote amaiera jaiei.
Jai Batzordeko kideek San Jeronimoetara hurbiltzeko deia egin dute: “Mutrikutik Ondarroara bidean, ez dago galtzerik, topatuko duzue azkar batean!”. Ohikoa den bezala, ez da falta izan urteroko leloa egitarauaren kartelean: “Ondo pasatu eta gozatu jaietan! Usaina bai, antzik ez!”