Lehertu dira San Migelak Amoroton eta Arretxinagan
Atzo [barikua] eman zioten hasieran markina-xemeindarrek Arretxinagako San Migel jaiei, eta Amoroton berriz, gaur [zapatua] goizean ekin diote. Asteburu guztiko egitarau biribilagaz datoz bi herritako jaiak.
Jai gosez daude amorotarrak eta markina-xemeindarrak, izan ere, asteburu honetan San Migel jaiak ospatzen dabiltza, bi herrietan. Markina-Xemeinen atzo eman zioten hasiera Arretxinagako San Migel jaiei gaueko kontzertuekin, Hamarretan makulu, Eider eta Zirkinik Bez taldeak izan ziren oholtzara igo zirenak. Amoroton, berriz, gaur goizean hasi dira egitarauagaz, gailu elektroakustikoen tailerrarekin, Arraguaren eskutik.Â
Pilotalekuan batu dira 11:00etarako amorotarrak eta artefaktu elektroakustikoak eraikitzeari ekin diote, azalpena entzun ondoren. Parte hartzaile bakoitzak metalezko sokekin osatutako gailua egitea izan da tailerraren muina eta ume zein nagusi, horretan aritu dira goizean zehar.Â
Egunari jarraipena emateko, bertso saioa izan dute 18:00etan pilotalekuan. Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza, Garazi Navarro, Lurdes Ondaro eta Aitor Bizkarra izan dira bertsolariak, eta Maribi Ugarteburu ibili da gai-jartzaile lanetan.Â
Arretxinagako egitarauari dagokionez, Patata Tropikala Antzerki Laborategiaren eskutik egon den Pirata garrapataren abenturak antzerkiarekin eman diote hasiera gaurko egunari. Ondoren, Dantza suelto txapelketak bereganatu du ikusleen arreta, eta 20:00etan, Ein go taldeak girotu iluntzeko poteoa. 22:30ean Itxaso Paya eta Maria Riverok eMcumeak antzezlana eskainiko die herritarrei.Â
San Migel eguna. Egun berezia da biharkoa bi herrientzat, eta San Migel eguna goi-goitik ospatzeko planik ez zaie falta. Arretxinagako jaiei dagokienez, Aringa-aringa MX taldeak antolatutako martxak egongo dira goizean. Horrez gain, Zertutxu dantza taldeak ere bere dantza erakustaldia eskainiko du, goizean lehenengoa, eta iluntzean bigarrena. 14. Tortilla txapelketa ere egongo da eguerdian, eta ostean, Andoni Ollokiegik girotuko du bazkalostea. 17:30ean Giza proba erakustaldia egongo da Arretxinagako probalekuan; Markel Egurrola Adorrixa I, Aitor Etxaniz Olazar eta Julen Olabarria Olaitu izango dira partaideak. Ondoren, Kalakan musika taldearen kantaldia egongo da.Â
Amorotarrei dagokienez, 12:30ean San Migeleko mezarekin egunari hasiera eman ondoren, Herriko tabernak antolatutako Bildots janean batuko dira herritarrak. 18:30ean herri kirolen txanda izango da, Urtza Herri Kirol Taldeak antolatuta, eta Bedaru eta Amorotoko herri kirolariek harri-jasotze, aizkora, trontza, txinga-eroate eta korrika desafioa burutuko dute.Â