"Jende ugari" ibili da Markina-Xemeingo eta Amorotoko San Migel jaietan
Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan hiru eguneko egitarauagaz gozatu dute herritarrek, eta Amoroton, aldiz, zapatuan eta domekan egin dituzte ekintzak.
Atzo [irailak 29], San Migel Egunagaz batera, eman zieten amaiera San Migel Jaiei Amoroton eta Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan. Euri apur bat egin badu ere, orokorrean eguraldi ona izan da nagusi sanmigeletan, herritarren gozamenerako. Bai batean eta baita bestean ere, jaien balorazio onak egin dituzte.
Markina-Xemeinen barikuan [irailak 27] Hamarretan Makulu, Eider eta Zirkinik Bez taldeen kontzertuekin hasi zituzten jaiak: “Eguraldia oso-oso txarra egin zuen arren, kontzertuak oso ondo egon ziren. Plaza beteta, eta giro oso polita egon zen. Partaidetza handia egon zen, eta antolatzaileok gustura geratu ginen”. Barikukoa ordu txikietara arte luzatu zen, eta zapatuan [irailak 28], arratsaldez egin zuten ospakizuna: umeentzako Pirata garrapataren abenturak ikuskizuna egon zen, eta helduagoentzat, eMcumeak antzezlana. Tartean, aldiz, Dantza Solte Txapelketa lehiatu zuten zortzi bikotek: Maren Alvarezek (Lezo) eta Gorka Granadok (Sopela) irabazi zuten txapelketa, 72,50 puntugaz. Bigarren, aldiz, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak geratu ziren, 72 puntugaz.
Hala, arratsaldeko ekintza guztietan “jende ugari” ibili zen: “Umeen antzerkian musika eskolako goiko solairuan toki asko dagoen arren, bete egin zen. Dantza Solte Txapelketan ere jende asko egon zen ikusten, eta eurentzat harrigarria izan zen horrenbeste jende batu izana. Egunagaz amaitzeko, antzezlana egon zen, eta ohikoa den bezala, plaza gainezka egon zen”.
[DANTZA SOLTE TXAPELKETAKO SAILKAPENA]
Egun handia, baina, atzo [irailak 29] izan zen markina-xemeindarrentzat. San Migel Eguna domeka tokatzen denetan baino egiten ez duten ekitaldiagaz hasi zuten eguna herritarrek: aginte makila trukaketa egin zuten. “Udal bien ekintza oso polita izan zen”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, meza osteko dantza saioa ikusteko “jende pilo bat” batu zen: “Zerutxuk Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua eskaini zituen, eta oso ondo egon zen”. Ostean, baina, ezusteko bat izan zuten: “Andoni Ollokiegi ez zen agertu. Plaza beteta zegoen, eguraldi ederragaz, jende mordo bat bere kontzertuaren zain… eta ez zen agertu. Eskerrak jendeak ondo hartu zuela”.
Ekitaldia baino apur bat lehenago hasi zen Aringa-Aringa MX taldeak antolatu zuen III. Txara Trail lasterketa ere. Gizonezkoetan Ander Nafarratek irabazi zuen, 02:02:26ko denboragaz, eta emakumezkoetan, aldiz, Oihana Kortazarrek, 02:17:33ko denbora eginda. Gizonezkoen podiuma Ekaitz Lejarzegik (02:06:49) eta Gaizka Ansolak (01:07:15) osatu zuten, eta emakumezkoena, Irati Larrañagak (02:40:03) eta Nahia Quincocesek (02:46:41). Txaramotx lasterketan, aldiz Ibon Badiola (00:52:39) eta Irati Garcia (01:08:08) gailendu ziren. Euren atzetik geratu ziren Farid El Idrissi (00:53:47) eta Iñigo Gurrutxaga (00:54:44) gizonezkoetan, eta Nahia Ibarzabal (01:08:23) eta Nerea Costa (01:08:49), emakumezkoetan.
Tortilla txapelketagaz eman zieten amaiera goizeko jardunari: 29 partaide egon ziren, eta Oinatz Albizuren tortilla izan zen onena. Hori horrela, Hemen Be Bai merkatarien elkartearen eskutik, 75 euroko bonoa jaso zuen, elkarteko dendetan gastatzeko.
Arratsaldean ere, giro bero-beroa egon zen Arretxinagan. 17:30ean giza probagaz ekin zioten egitarauari: “Hor ere, jende mordoa egon zen, giro eder eta sanoan. Olazar faborito zen arren, berak egin zuen markarik txikiena”. Hala, Markel Egurrola Adorrixak irabazi zuen giza proba, eta atzetik Julen Olabarria Olaitu geratu zen. Hirugarren postuan, aldiz, Aitor Etxaniz Olazar geratu zen.
Iluntzean, aldiz, musikaren txanda izan zen Kalakan taldearen kontzertu “zoragarriagaz”: “Oso-oso polita izan zen kontzertua. Maila itzela dute, eta ekartzea garestia den arren, merezi izan zuen. Jendea oso gustura egon zen”. Amaitutakoan, gainera, herritarrek ez zuten alde egin, eta goi-goitik amaitu zituzten jaiak Zerutxuren Mahai Gainekoagaz.
Amoroton ere, “gustura”. Hala, Amoroton zapatu goizean [irailak 28] artefaktu elektroakustikoak egiteko tailerrean murgildu ostean, arratsaldean bertso saioa eduki zuten herritarrek frontoian: “Goizeko tailerrean toki guztiak bete ziren, eta arratsaldean, berriz, ia 100 lagun elkartu ginen frontoian, 91, zehazki“. Antolatzaileak pozik, herritarrak ere bai, eta bertsolariak ere, gustura geratu ziren zapatuko saioagaz.
Atzo [irailak 29], berriz, mezatarako elkartu ziren herritarrak San Migel Ermitan, eta ostean mokadutxoa egin zuten. Eguraldi ona lagun zutenez, “jende pila bat” elkartu zen bertan. Herriko Tabernak antolatutako bildots jana egin ostean, 18:30ean herri kirolak egon ziren plazan: “Herriko jendea egon zen, eta plaza polito bete zen”. Hala, Bedaroako hiru kirolari eta herriko beste hiru aritu ziren pentatloiko probak egiten: “Harri jasotzen, aizkoran, trontzan, txingak eroaten eta korrika ibili ziren. Nahiko lehiatua izan zen saioa: Bedaroakoak gutxirengatik geratu ziren aurretik”.
Amorotoko Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, ez da ohikoena bi eguneko egitaraua antolatzea San Migel Jaietan: “Normalean ez dugu horrenbeste ospatzen, baina, asteburua tokatu izan denean inoiz bai egin izan dugu egitarau zabalagoa. San Migel Jaiak toki askotan izaten dira, eta beti egoten da zalantza ea jendea etorriko den edo ez, baina azkenean aurtengoa ondo joan da. Erantzunarekin pozik geratu gara, eta eguraldiak ere lagundu du”.