Jokoaren mailak ez du behera egin bigarren jardunaldian
Emakumezkoen Elite Mailako Euskal Herriko zesta-punta Txapelketaren ligaxkako bigarren jardunaldia lehiatu dute. Pronostikoak bete egin dira, eta "joko oso ederra" ikusi ahal izan dute bertaratu direnek Miruaitzen.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua bete-betean sartuta dago III. Emakumezkoen Elite Mailako Euskal Herriko zesta-punta Txapelketan. Estreinako jardunaldi “bikainaren” ondoren, iragan barikuan [irailak 27], ligaxka fasearen bigarren jardunaldiri zegozkion norgehiagokak lehiatu zituzten. Miruaitz frontoiaren harmailak ikuslez beteta egon ziren, txapelketa jasotzen ari den erantzun onaren zantzu. Maila “oso handiko” neurketak izan zirela azpimarratu dute Danok Bat klubeko antolatzaileek, eta ikusleak bai jokoari, bai puntisten jarrerari dagokionez.
Lehendabiziko norgehiagokan, Elaia Gogenolak eta Maialen Aldazabalek Erika Mugartegi eta Wrida Watkins eduki zituzten aurrez aurre. Partiduaren estreinako tantoek Gogenolaren eta Aldazabalen aldera jo zuten, baina, jokaldien poderioz, Mugartegik eta Watkinsek partiduaren aginte makila hartu zuten; azken zatian, dominatzaile agertu ziren markina-xemeindarra eta zumaiarra. Azkenean, 25-30 nagusitu ziren Mugartegi eta Watkins.
Bigarren neurketak Naroa Merino eta Oaia Otaño Maite Ortiz de Mendibilen eta Arai Lejardiren aurka elkartu zituzten. Bigarren bikoteak, markagailu aldetik, garaipen sendoa lortu zuen: 30-23. Edozelan ere, joko borrokatua eta ikusteko polita izan zela azaldu dute Danok Batetik: “Hautagaiek irabazi zuten, baina inor gutxik espero zezakeen Merino eta Otaño moduko bikote gazte batek faboritoeri 23 tanto egitengo zizkionik. Oro har, lehiakor agertu ziren eta, hori horrela, Ortiz de Mendibilek eta Lejardik lanak eduki zituzten, haiei aurre egiteko”.
Hurrengo hitzorduak.
Hurrengo barikuan [urriak 4], ligaxkaren azkenengo jardunaldia jokatuko dute. Gogenola eta Otaño Merinoren eta Aldazabalen kontra ariko dira lehenik; jarraian, Ortiz de Mendibilek eta Watkinsek Mugartegiren eta Lejardiren aurka jokatuko dute. Finalaurrekoak hilaren 11n lehiatuko dituzte; hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua eta final handia, aldiz, urriaren 25ean egingo dituzte.