Oier Aizpuruak irabazi du X. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa
41 parte hartzailek egin dute Elantxobetik Lekeitiorako itsas ibilbidea. Oier Aizpurua Itxas-Gain Zumaia klubekoak 01:01:53ko denboran amaitu ditu lanak.
Atzo [irailak 29] 41 parte hartzailek jokatu zuten Elantxoberen eta Lekeitioren artean X. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa. Lekeitioko Piragua Taldearen ekimenez, hamargarren aldia da txapelketa antolatu dutena. Aurtengoan, piraguan ibiltzeko baldintzak “nahiko gogorrak” izan zirela nabarmendu dute: “Haizea hego-ekialdetik egon zen, eta beraz, kontrara eduki zuten parte hartzaileek”. Hala ere, pozik daude parte hartzeagaz: “Bizkaia, Gipuzkoa, Kantabria eta Asturiaseko klubak etorri dira. Pasaiatik, esatearako, hamaika kirolari, eta Zumaiatik, bederatzi”.
Hala, denen artean denbora onena Itxas-Gain Zumaia klubeko Oier Aizpuruak egin zuen: Elantxoberen eta Lekeitioren arteko ibilbidea 01:01:53ko denboran amaitu zuen. Bere atzetik geratu zen klub bereko Jose Maria Villagarcia, sailkapen orokorreko bigarren postua lortuz, 01:02:18ko denboragaz. Podiuma, berriz, Pasaiako Kayak Elkarteko Lander Rodriguezek osatu zuen (01:03:37).
Klubetako sailkapena, aldiz, Pasaia Kayak Kirol Elkarteak irabazi zuen. Bigarren postua zumaiarrentzat izan zen, eta hirugarren Piraguismo Santander kluba geratu zen.