Aparkaleku sistemaren inguruko iritziak jaso nahi ditu Lekeitioko Udalak
Galdetegia betetzeko azken eguna urriaren 15a izango da. Erabiltzaileen iritziak jaso nahi dituzte balorazio oso bat aurkeztu eta egokitzapenak diseinatzeko lanekin hasteko.
Lekeitioko Udalak joan den ekainaren 15ean ipini zuen martxan aparkaleku sistema berria, eta irailaren 15era arte egon da martxan. Udalak hainbatetan azaldu duen moduan, sistema berriarekin uda garaian herrian aparkatzeko egon ohi den arazoa konpontzeko asmoz ipini zuten martxan.
Uda sasoia amaituta, erabiltzaileen iritziak jaso nahi ditu udalak. Hori horrela, galdetegi bat prestatu dute, aparkaleku sistemaren inguruko alor desberdinen inguruko galderekin. Azaldu dutenez, galdetegia egoiliarrez gain, herritik kanpo bizi diren lekeitiarrek, herrian lan egiten duten kanpotarrek, udatiarrek edota inguruko herrietakoek betetzeko da.
Galdetegia betetzeko bi bide zabaldu dituzte. Digitalki bete nahi dutenek, udalaren sare sozialetan zabaldu dute esteka. Eskuz bete nahi dutenek, aldiz, Kultur Etxean edo Udaletxean edukiko dute horretarako aukera. Urriaren 15a izango da galdetegia betetzeko azken eguna.
Herritarren eta ingurukoen iritziak jasotzeaz gain, herriko komertzioen eta tabernen iritziak ere jasoko dituzte, zuzenean. Era berean, turismo bulegoko eta aparkalekuetako datuak eta udaltzainen informazio zehatza ere bilduko dituzte.
Udalak, jasotzen dituen iritziekin eta informazioarekin, balorazio oso bat aurkeztuko du, eta sistemak behar dituen egokitzapenak diseinatzeko lanak hasiko dituzte.