Herriko eskaintza desberdinak bermatzeko helburuagaz, ikastaroak antolatu dituzte Gizaburuagan
Dantza latinoak, yoga eta entrenamendu funtzionalaren ikastaroak egingo dituzte astean zehar Gizaburuagan. Horrez gain, hilabeteko azken-aurreko barikuan podologoarekin hitzordua hartzeko aukera izango dute herritarrek.
Herriko eskaintza handitu eta bertan kirola praktikatzeko helburuagaz ekintza desberdinak martxan jarri ditu Gizaburuagako Udalak. Dantza latinoak, yoga eta entrenamendu funtzionalaren ikastaroak izango dira aurten, astean zehar martxan egongo diren eskaintzak. “Iazko ikasturtean hasi ginen dantza latinoen ikastaroarekin, eta yogak ere urteak daramatza. Aurten, berritasun bezala, entranamendu funtzionalaren ikastaroa jarri dugu, eta herritar batek emango ditu klaseak”. Horrez gain, ahaleginak egiten dabiltza euskara ikastaroa eskaini ahal izateko, “pasa den urtean ere ahalegindu ginen baina ez zen atera, baina aurten ere saiakerak egiten gabiltza, euskara ikasi nahi dutenek herrian bertan ikasi ahal izateko”.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetan egongo da dantza latinoen ikastaroa, 18:00etan, eta martitzenetan, ordu berdinean, yoga egiteko aukera egongo da. Entrenamendu funtzionalak ostegunetan egongo dira, 18:30ean. Ikastaroak udaletxeko aretoan egingo dira, eta izena emateko Gizaburuagako Udaletxera deitu beharko da. Gainera. edonork eman dezake izena: “Ikastaroak edonorentzat zabalik daude, ez dago baldintzarik izena emateko orduan. Horrez gain, inguruko herrietako bizilagunak ere etor daitezke”.
Podologoa. Hilero, azken-aurreko ostiraletan, podologo zerbitzua egongo da Gizaburuagako medikuaren kontsultan, 15:00etatik 18:00etara bitartean, eta horretarako, hitzordua hartu beharko da udaletxera deituta: 94-684 25 86.