1998 eta 2000 urteetan Patxi Ezkiaga Lasak jasotako Augustin Zubikarai sariak baliogabetu ditu Ondarroako Udalak, adingabeei egindako sexu erasoengatik. Aho batez onartu da erabakia udal euskara batzordean eta udalbatzan.
Ondarroako Udalak Patxi Ezkiaga Lasa legorretarrari aitortutako literatur sariak baliogabetuko ditu, adingabeei egindako sexu-erasoengatik, eta erabakia, “ahoz betez onartu da” euskara batzordean eta udalbatzan. Honekin batera, sexu eraso guztien kontrako adierazpena plazaratu du.
Udalak egindako adierazpenaren arabera maiatzen eliza eremuan emandako sexu abusuei buruzko albisteak agertu ziren komunikabideetan, baita, Patxi Ezkiaga Lasaren aurkako salaketa publikoa ere. Honen aurrean, Ondarroako Udala edozein eratako sexu erasoen aurka agertu da: “Udalak irmo gaitzesten ditu edozein eratako sexu-erasoak, eta bereziki arbuiatu nahi ditu adin txikikoei egindakoak, adin txikikoen aldetik ezinezkoa delako onarpen erreala ematea; botere-harreman guztiz desorekatu bat dago beste aldekoa pertsona heldu bat denean, eta, ondorioz, edozein sexu ekintza erasoa da”. Gainera, haurtzaroko esperientziek bizitzan zehar izan dezaketen eragina azpimarratu dute: “Haurtzaroko esperientziek bizitzan zehar eragin latza izaten dute, eta gertatutakoa kontatzeko askotan urte gehiegi pasatzen dira. Beldurra izateak, gertatutakoa ezin ulertzeak, mina ezin kudeatzeak eta sinesgarritasun falta sentitzeak, besteak beste, izugarri zailtzen du gertatutakoa kontatzea”.
Augustin Zubikarai Narrazio lehiaketa zen garaian, bi edizio desberdinetan, sari bana irabazi zuen Patxi Ezkiaga Lasak, beraz, salaketa honek Ondarroako Udalari zuzenean eragiten diola aipatu dute: “1998. eta 2000. urteetako Narrazio lehiaketako laugarren eta seigarren edizioetako hirugarren saria eta bigarren saria eskuratu zuen. Hortaz, udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak ireki eta emakumeari babesa adierazi asmoz legorretarrari emandako Augustin Zubikarai literatur sariak baliogabetuko ditu”. Horrez gain, “Ezkiagak idatzi eta udalak saritutako liburuetako erreferentzia bakoitzari salaketa horien berri ematen duen argibidea gehituko dio, hain zuzen, udalaran gaitzespenaren eta saria baliogabetu izanaren adierazpena”. Ondarroako udal osoko bilkurak hartutako erabakia komunikatuko diote Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Kultura Ondareko departamentuari, “Euskadiko irakurketa publikoko sarean Patxi Ezkiaga Lasak, Augustin Zubikarai literatur saria dela eta, argitaratutako libururik balego, salaketa horien eta udalaren gaitzespenaren berri emateko eskatuko da”.