Herriko antzerki taldea sortu nahi dute Lekeition
Lekeitio Lagunkoia taldeak deia egin die herritarrei nahiz inguruko herrietakoei antzerki taldean parte hartzeko. Zapatuan [urriak 5] 11:30ean elkartuko dira, kultur etxeko Azkue aretoan.
Lekeitio Lagunkoia taldea ez da gelditzen, eta herriko antzerki taldea sortzeko batzar irekia egingo dute. Herritarrei ez ezik, inguruko herrietakoei ere luzatu diete parte hartzeko deia: “Nahi duten denak izango dira ongi etorriak. Uste dugu alboko herrietakoek ere badutela tokia gurean, ze herri bakoitzean antzerki talde bat egitea ez da erraza. Beraz, zaletasun hori duenari guk esku zabalik hartuko diogu”. Hori horrela, zapatuan, 11:30ean, elkartuko dira Lekeitio kultur etxeko Azkue aretoan.
Herri desberdinetakoek ez ezik, zaletasun desberdinak dituztenek ere parte hartu dezakete: “Antzerkia maite duten guztiak etor daitezke. Aktore moduan aritu nahi dutenak ez ezik, taldeko lanak egiteko prest daudenak ere beharko ditugu: erropak, gidoia, musika, dekoratuak…”. Izan ere, herrian giro ona sortzea da helburua, eta belaunaldiak nahastuta, bakardedari aurre egitea.
Hortik sortu zitzaien, hain zuzen ere, antzerki taldea sortzeko ideia: “Iazko irail inguruko Lagunkoiaren hileroko batzarretan proposatu zen. Bakardadearen gaia lantzen ari ginen, eta ikusi genuen interesgarria izan zitekeela herri pastoral bat edo egitea, ze, belaunaldi desberdinak nahastu eta herri partaidetza handia lortu zezakeen gune bat izan zitekeen”. Gai “potoloa” zenez, une hartan paraleloki egiten ari ziren kafe-tertulia saioetara bideratu zuten gaia, eta han, gaia aztertuta, pastorala egin beharrean herri antzerki bat egitea erabaki zuten.