Komunitateari ekarpena eginez
11barrik doako irudi eta testuen bankua sortu eta elikatzen du. Euskarazko iruditegia eta testugintza aberastu eta hedatu nahi dute. Gainera, emakume esanguratsuaren biografiak sortzen ari dira.
Euskarazko testuak eta irudiak dira 11barriren bi lan lerro nagusiak. Horren baitan, 11barrik doako irudi eta testuen bankuen egitasmoari eutsi zion aspaldi, webgunean bertan, euskarazko iruditegia eta testugintza aberastu eta hedatzeko borondatez, biak euskaran eta feminismoan ardazturik. Gauza horrela, eta ideia horri jarraiki, 2020an irudi bankua martxan jarri zuten, eta 2023an, irudien bankua elikatzen jarraitzeaz gain, testuen doako bankua sortu zuten, emakume esanguratsuen biografiak jasotzen dituen proiektua. Orain bi atal horiek elikatzen jarraituko dute.
Interneten hazkundea geldiezina izan da. Era berean, komunikazioak bide berriak hartu ditu: gero eta jende gehiagok aukeratzen ditu irudiak informazioa transmititzeko, batez ere, stickerrak: batetik, mezuak kondentsatu eta bat-batean adierazteko gaitasuna daukatelako -testu idatziek baino denbora eta espazio gutxiago eskatzen dute-, eta bestetik, jostagarriak direlako.
Alabaina, euskaraz komunikatzeko hautua egin dutenek edo urrats hori eman nahi dutenek zailtasunak dauzkate esperientzia horretaz bere osotasunean gozatzeko, “erderekin alderatuta, askoz aukera gutxiago izan ohi dituztelako igorri beharreko kontzeptua islatzeko irudia aurkitzeko”. Horiek horrela, beste hizkuntza batzuetara jotzen dute komunikazioan irudi bat txertatzean.
11barrik aspalditik dauka euskal komunitatearentzat iruditeria “aberastu eta eskura jartzeko borondatea”
Hain zuzen, 11barrik aspalditik dauka euskal komunitatearentzat iruditeria “aberastu eta eskura jartzeko borondatea”. Helburu horri erantzunez sortu zuen, zehazki, irudi bankuaren proiektua, enpresaren webgunea berritzeagaz batera; hots, gai ezberdinen inguruan eta euskarri ezberdinetarako sortutako euskarazko irudi eta testu diseinuak: storyak, argazkiak, esaldiak, ikonoak… Horrenbestez, eta kezka berriak antzemanda, 2023an euskarazko stickerren eskaintza zabaltzeko proiektua aurkeztu zuten, eta aurten hori elikatzen jarraitzen dute.
Ikur eta ardatz. Horrez gain, 11barrik emakumeei historian izan duten, duten eta izango duten merezitako garrantzia eman nahi die, feminismoa baitute ikur eta ardatz nagusietako bat. “Gure jendartean, emakume esanguratsuak dauzkagu, hainbat diziplinatan gure gizarteari, historiari eta kulturari ekarpena egin diotenak”.
Hainbat helburu bilatzen dituzte. Enpresa feminista eta euskalduna izanik, helburu nagusietako bat sarean emakumeen lana “bistaratzea eta balioan ipintzea” da. Horrela, sarean kalitatezko euskararen presentzia handituko litzateke eta erabiltzaileek euskarazko informazio iturri gehiago izango lituzkete.