Maite dutenak bat egiten duen unea
Heldu zaie markina-xemeindarrei eurak maite dutena erakusteko unea. ‘Maite duzun hori’ izeneko erakusketa eta kontzertua eskainiko dituzte hainbat herritarrek, Ibon RG eta Maider Gonzalorekin batera, bihar [urriak 5].
Arrain bat oparituko dizut nola hazten den ulertzeko… Hala dio Anariren Harriak abestiak, eta hala jasoko dute oparia markina-xemeindarrek ere. Izan ere, Eremuak-ek antolatzen duen Harriak ekimenean bete-betean murgildu dira hainbat herritar, eta heldu zaie azken hilabetean lantzen egon diren hori herriari aurkezteko unea.
Gabriele Muguruza komisarioak aukeratu ditu Markina-Xemeinen aurkeztuko duten Maite duzun hori kontzertuan eta erakusketan parte hartuko duten artistak, eta horiekin lanean aritu dira herritarrak. Ibon RG musikariarekin, esaterako, hainbat tailer eman ditu Tarine udal musika eskolako ikasle talde batek, eta Maider Gonzalo artistarekin aritu dira, aldiz, Markina BHI-ko eta Berakruz Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Hala, herritarrek eta artistek elkarlanean landu duten hori aurkeztuko dute bihar [urriak 5], 18:00etatik aurrera, Karmengo Elizan.
Kontzertu eta erakusketa baten aurkezpena izatetik haratago, arte garaikidea hiri handietatik atera, eta herri txikiagoetara gerturatzeko ekimena da Harriak: “Ohituta gaude arte garaikidea Bilbo, Gasteiz edo Donostia bezalako hirietan ikusten, eta programaren helburua hori deszentralizatzea da”. Hori, gainera, ez dute edonola egiten: “Herria bera ere horren parte izatea bultzatzen dugu, herriarekin harremana sortuz. Ez dira soilik bi artista joaten herrira euren lana erakustera, baizik eta, euren inplikazioa sortzea ere bilatzen dugu”.
Hala, Muguruzari Markina-Xemeinen euren oholtza izango dena erakutsi zietenean, bi artista etorri zitzaizkion burura: Ibon RG eta Maider Gonzalo. “Lekuan oinarrituta aukeratu ditut artistak. Karmengo Elizako aretoa ikustera joan ginen, eta bigarren eskuko objektuez beteta zegoen. Segituan, Maider etorri zitzaidan burura, bere lan motagatik”, azaldu du Muguruzak. Ibon RG-ren kasuan, aldiz, elizan dagoen organoari buruz jakin zuenean etorri zitzaion hura programaren parte izateko ideia: “Eliza ikusten ari ginela esan ziguten bazegoela aspaldi jo gabeko organo bat. Iruditu zitzaidan oso polita izan zitekeela herriarentzako aspaldi entzuten ez duten organo bat entzutea, eta Ibonengan pentsatu nuen”.
Organo zaharra, martxan. Ibon RGren kontzertua bihar [urriak 5] bakarrik ikusi ahalko da, baina, erakusketa zabalik egongo da eguenetik domekara, urriaren 31ra arte. Gainera, urriaren 11n bisita gidatua egingo dute, 19:00etatik aurrera; parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 94-616 63 03 telefonora deituz.
Bihar Karmengo elizara joaten direnek, elizako organoa entzuteko aukera edukitzeaz gain, Ibon RGren eta Tarineko ikasleen kontzertuagaz gozatuko dute. “Kontzertu berezia izango da, lan handia eskaintzen ari natzaio”, azaldu du musikariak. Esaterako, Markina-Xemeingo Aita Jose Domingo Ugartetxea musikari eta konpositorearen pieza bat egokitu du Ibon RG-k, eta beste hainbat abestiren artean, bere azken diskoko abestiak ere joko ditu, Iaquin Bahu diskokoak, hain zuzen ere: “Diskoko abesti askotan ni naiz ahots hutsez abesten, eta beste batzuetan badago esperimentaziotik pixka bat, kantu molde tradizionalak, pianoa… Kontzertura anplifikaziorik gabeko formatua eroango dut, ze, eliza bera bada anplifikazio kutxa ederra , eta hori aprobetxatu nahi dut”.
Tarineko musikariek bost abesti ingurutan parte hartuko dute gaurko kontzertuan: “Ni ez naiz modu akademikoan ikasitakoa, baina saiatu naiz nire egiteko moldeak apur bat haienganatzen. Landu dugun gauzetako bat izan da pentagramarik gabeko partiturak interpretatzen, esaterako, herriko planoa. Horrela esanda ematen du ezinezkoa dela, baina kaleen ibilbideak marraztu dezake nolabait soinuak egin dezakeen norabidea”.
Maite dutena, erdira. Gonzalogaz, aldiz, marrazketari heldu diete DBHko ikasleek: “Praktikaren bitartez nire lan egiteko modua ikasleei erakustea da tailerraren proposamena. Marrazteko beste modu bat erakutsi nahi diet. Gustuko dutenarekin hastea proposatzen dut. Iruditeria propioa eta kolektiboa sortu dugu, eta elkar gehiago ezagutu ere bai”.
Zerbait iradokitzen dion materialarekin lan egiten du Gonzalok, formekin edo objektuekin, esaterako: “Gustatzen zaidan irudiekin lan egiten dut, zeharkatzen nauten oroitzapenekin, eta nahi dudan jendea oso gogoan izanda”.
Denborak aurrera egin ahala, praktika horrek forma desberdinak hartu dituen arren, oinarrian, “norbaiti zerbait eragiteko beharrari” erantzuten dio: “Aldare moduko bat da. Aldare bat lagun bati abesti bat eskaintzea bezalakoa da; pitxer jakin baterako mahai bat egitea bezalakoa; zure begiekin bat datorren kamisetaren kolorea aukeratzea bezalakoa”. Eta, horixe da, hain zuzen ere, ikasleekin egin duena: “Aldarearen ideia landu dugu marrazkitik abiatuta, eta aretoan bertan denon artean egindako instalazio edo aldare batekin amaituko dugu. Proposamenerako, ikasleek maitasun berezia dieten objekturen bat ekarri dute, eta hortik abiatuta hasi gara lanean”.
Ikasleen aldarearekin batera, hainbat estanpatu dituen Gonzaloren zoru-pieza bat egongo da, baita Ibon RGren soinu instalazio bat ere: “Zaila da azaltzen, beraz, gure lanak ikustera etortzera gonbidatzen zaituztegu”.