Norbera izateko leku bat
1993. urtetik 2000. urtera bitartean kokatzen da Ondarroako Mariziztrin Talde Feministaren jarduna. Feminismotik ekin eta eragin zuen taldearen ibilbidea ahazturan erori ez dadin, Bilboko Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentrora eraman dute dokumentazio guztia.
Zaintza, babesa eta lagun taldea. Finean, seguru sentitzeko leku bat aurkitu zuten Ondarroako Mariziztrin Talde Feministan Trini Arrizabalaga Sarasek, Nahia Iparragirre Burgoak eta Maite Zarate Alvarezek.
Urte luzeetan aurrera eramandako borrokaren aztarnak gordeta izan dituzten arren, esku onetara eraman dituzte oraintsu; izan ere, Bilboko Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroan aurkitu dute ondo gordeta zeukaten altxorrarentzako lekua. “Lehenengo, herrian galdetu genuen, baina ez geneukan bermerik erabilgarri egongo zela ziurtatzeko. Maite Albiz Dokumentazio Zentroak artxibo guztia digitalizatzeko aukera ematen zigun, garrantzitsua iruditu zitzaigun gutxiengo transmisio baterako, baita nahi duenak kontsultatzeko ere. Horrez gain, dokumentazio zentro feminista izanik, badakigu esku onetan dagoela”. Erosketako karroetan gordeta eduki dute urte luzeetako jarduna islatzen duen dokumentazioa, eta orain, nahi duenarentzat erabilgarri egongo da guztia: bileretako aktak, kartelak, kamisetak, eskuorriak, udaletxeko plenoetan sartutako mozio guztiak, eta askoz gehiago.
1993an sortu zuten Mariziztrin Talde Feminista, eta aurrera eramandako borroken ondorioz, eragiteko gaitasuna izateaz gain, erreferentzialtasun handia lortu zuten herrian. “Matxoaren 8a antolatzeko batu ginen gaztetxe bete jende. Sekulako mobilizazioa egin genuen, eta horren harira, egun bakarrera bideratutako zerbait egin beharrean, gure jarduna urte guztira zabaltzea erabaki genuen”.
Talde “anitz” bezala definitzen du hirukoteak Mariziztrin; izan ere, «ideologia, sentsibilitate eta egoera sozial desberdina» zuten hamabost emakumek osatzen zuten. Adinez ere, hainbat belaunalditako herritarren bilgune zen; 20 urtetik 40 urtera bitarteko emakumeak batzen ziren, normalean, bariku gauetan, momentu hori baitzen denek ahal zutena. “Umeen zaintza lana, bestelako lana, ikasketak… ez zen erraza gure agendak batzea, baina gogoa geneukan, eta bariku gauetan batzen ginen, lehenengo gaztetxean, eta gero, udaletxe zaharreko lokalean”.
1997. urtean Mariziztrinek antolatutako jardunaldietako dokumentuan, horrela definitu zuen taldeak bere izaera: “Mariziztrin aniztasun ideologikoa duen taldea da. Hau da, bere ateak zabalik ditu edozein emakumerentzat, emakume arloan lan egiteko gogoa izatea da baldintza bakarra. Beraz, Mariziztrin ez da alderdi politiko eta instituzionalen menpe dagoen taldea, eta ez da sortu talde politiko baten baitatik”.
Feminismoa ardatz, borroka ezberdinak eraman zituen aurrera taldeak, momentu on eta ez hain onekin, baina beti, elkar babestuz. Beste hainbesteren artean, bi izan ziren esanguratsuenak: eraso sexisten salaketa publikoa eta Familia Plangintza Zentroaren bilakaeraren azterketa.
Kontu pribatuak ziren erasoak, noizean behineko gertakari isolatuak. Lan xamurra izan ez zen arren, Mariziztrin izan zen erasoak publikoki salatu zituen taldea. «Antza denez, ordura arte, Ondarroan ez zen inolako erasorik ematen, eta gai hau lantzen hasi ginenean, egun batetik bestea, zenbat eraso salatu ziren?», galdetu du Zaratek. Erasoak salatzeko erreferentziazko taldea izateaz gain, erasoak jasan zituzten emakumeen babesleku bihurtu ziren: “Ez zegoen nora jo, eta guk, eskuak zabaldu, enpatiaz entzun, eta aurrean genuenari gure babesa adierazten genion, eta gainera, publikoki salatzen genuen, erasoa egin zuena seinalatuz, nahiz eta honek herritar asko gure kontra jartzen zituen. Beti ez genituen salatzen, jakina, erasoa jasandakoaren beharraren araberakoa izaten zen gure salaketa”, adierazi du Arrizabalagak.
Erasoen gaia lantzen hasi ginenean, egun batetik bestera, zenbat eraso salatu ziren?
Ordura arte, isilekoak ziren erasoak herritarren ahotan jartzea lortu zuen talde feministak, nahiz eta batzuetan, erasoa egin zuena baino, beraiek izaten ziren seinalatuak. “Min handia ematen zuen horrek, eta jende askok hitz egiteari ere utzi zigun. Inorentzat ez da erraza herritar baten argazkiak kalean jartzea, baina erasoa egin duena ez denean herritarra mundu guztiak ulertzen du, milaka laguneko mobilizazioak egiten dira. Baina herritarra denean, zer gertatzen da? Erasoek ez ahal daukate pisu berdina Ondarroan edo Durangon?”, gogoratu du Iparragirrek.
Ikerketa. Familia Plangintzarako Zentroaren bilakaeraren azterketa ere egin zuen Mariziztrinek, eta ezustean, “elkarrizketa informal baten” ondorioz, hasi ziren honetan. «Herriko ginekologoarekin izandako arazoak elkarbanatzen hasi ginen, eta orduan konturatu ginen ez zirela kasu bakanak. Beraz, talde feministatik ikerlan bat egiteari ekin genion». 158 emakumeko lagina izan zuen ikerketak, eta bertan, emakume ondarrutarrek ginekologoarekin izandako arazoak ezagutu eta salatzeaz gain, “emakumeen balorazioa eta orduan plangintza zentroak berak zituen beharrak aztertzea” izan zen asmoa. Osakidetzak ginekologoa denboraldi batez lanpostutik kentzea lortu zuten. “Guk pentsatu genuen behin betiko kanporatzea lortu genuela, baina ez. Gaia lasaitu zenean, berriro bueltatu zen bere postura”, azaldu du Iparragirrek.
Babesa eta segurtasuna izan zen Mariziztrin, finean, norbera izateko leku bat
Leku bat. Ondarroako kaleetan aurrera eramandako borrokek, fruituak eman zituzten, eta feminismoan erreferente bilakatu ziren herriko emakumeentzat. Talde indartsua izateko beharrezko osagaiak zituzten Ondarroako emakume feministek: “Nahasmen guzti honetan, leku bat izan zen Mariziztrin. Elkarrekin pentsatu, ekin eta ondo pasatzeko lekua, eroso eta zaindua sentitzekoa, eta eragile mistoetan jazotako zapalkuntzen inguruan hitz egiteko lekua. Taldekideak izateaz gain, lagunak ginen, eta oraindik lagunak izaten jarraitzen dugu, eta hori, inork ez digu kenduko”. Feminismoak aukera asko zabaltzen dituela azpimarratu du hirukoteak, eta are gehiago, lagun feministez osatutako taldeak: “Babesa eta segurtasuna izan zen Mariziztrin, finean, norbera izateko leku bat”.