Lagunartean elkartzeko egun handia
Hamahiru kuadrillatako 200 bat kide batu dira, elkarrekin egun ederra pasatzeko. Kuadrilla Eguna urteko egun berezienetakoa da ispastertarrentzat, hutsik egin ezin dutena, eta aurtengoa ere ez da gutxiagorako izan.
Eguerdian batu, eta denen artean prestatu dituzte menuak. Helduak kozinatzen edota poteoan zeuden bitartean, umeek bolo jokoan daukaten abilezia erakutsi dute. Gero, eguzki epeletan, 15:00ak aldera jesarri dira bazkaltzeko.
Eguerdian umeen txanda izan bada, arratsaldean gazte eta nagusiagoena izango da. 18:00etan hasiko dute bolo txapelketa. Bakarka parte hartzeko, 2 euro ordaindu beharko dituzte izena ematean, binaka aritzeko, berriz, 4 euro. Txapel jaurtiketa ere ez da faltako aurten; 21:30ak aldera ekingo diote horri. Eta jokorako tartea bakarrik ez, dantzatzeko zein kantatzeko aukera ere izango baitute, jai egun handietan musika talderen bat egon behar izaten da-eta. 19:00etan hasiko dira giroa musikatzen Ziur Laters taldeko kideak.