Topaketa jendetsua eta arrakastatsua
Markina-Xemeingo Erraldoien Konpartsaren eskutik, Erraldoien I. Topaketan elkartu dira gaur. Lekeitioko, Debako, Bergarako eta Elgoibarko taldeak gonbidatu dituzte, eta udalerriko kaleak kolorez eta giro ederrez jantzi dituzte.
Markina-Xemeingo txokoak hartu dituzte herriko, Lekeitioko, Debako, Elgoibarko eta Bergarako erraldoiek. Herritarren arreta bereganatu dute, eta “giro polita” sortu dute. Erraldoien I. Topaketa jendetsua eta arrakastatsua izan da. Herriko erraldoien konpartsarentzat erronka handia zen gaurkoa, eta ederto gainditu dute. Izan ere, aurreikuspenak gainditu dituzte, eta espero baino jende gehiago batu da. “Jende asko batu da, espero genuena baino gehiago. Kanpotik jende piloa etorri da”.
Elkar ezagutu, harremanak sendotu eta gauza berriak ikasteko eguna izan da gaurkoa. 11:00etan Uhagonen batu dira, eta umeentzako tailerra eskaini dute bertan. “Oso arrakastatsua” izan da; umeak eta gurasoak gustura ibili dira Markina-Xemeingo lau erraldoi nagusiak margotzen eta mozten, eta oroigarri politak eroan dituzte etxera. “Oso ondo joan da, harrera oso ona eduki du. Eduki ditugun silueta guztiak banatu ditugu, batzuk margotu ezinik geratu dira, denak amaitu zaizkigulako”.
12:00etan kalejiran irten dira, eta pare bat orduko erakustaldia egin dute kaleetan barrena. Bidean, gainera, dantzak eskaini dituzte, eta atseden apur bat ere hartu ahal izan dute. Zelaian aurkeztu dituzte bost taldeetako erraldoiak, eta bertan ere bakoitzak dantza bana erakutsi du. Gero, Uhagonen amaitu dute kalejira, eta goizean bezala, erraldoiekin argazkiak ateratzeko aukera eduki dute herritarrek.
Elorrio zestalaria, Kontxita erraketista, Peru Abarka aitona eta Bixenta Mogel amona, Markina-Xemeingo lau erraldoi nagusiek euren taldeko txikienak ere bidelagun izan dituzte. “Orain dela hiru bat urte guraso talde bat batu ginen, eta inork gutxik uste zuen arren, hemen gaude oraindino, ume, nagusi, erraldoi txiki, erraldoi handi, denok saltsan”.
Gainera, aurkezpena gonbidapena egiteko ere aprobetxatu dute. Taldearen ateak “denentzat zabalik” dituztela gogoratu dute, eta konpartsaren kide egitera animatu dituzte markina-xemeindarrak: “Etorri, probatu eta gozatu dezatela”.
Lekeitioko Erraldoi eta Buruhandien Elkartearen (LEBE) kideak euren lehenengo dantza elizan eginda joan dira Markina-Xemeinera, eta zelaian dotore egin dute bigarrena ere. Doña Tomasa eta Don Terentzio erraldoi zaharrenekin batera agertu dira Juana Parla eta Antero berrienak. Orain dela bost urte egin zituzten, saregina eta jaietako pertsonaia.
Lekeitiarrentzat lehenengo topaketa izan da gaurkoa, esperientzia berria, eta gustura ibili dira. “Oraintxu arte erraldoiak Garraitz Kirol Taldearen bitartez ateratzen ziren, eta konpartsa moduan eratzeko bidean, orain dela urtebete inguru hasi ginen konpartsa moduan funtzionatzen. Lekeitiotik bospasei etorri gara, eta Bermeoko baten bat etorri da laguntzera, erreleboak egiteko”.Â
Beteranoen artean egon da Bergarako Erraldoi Taldea. 2000. urtean sortu zuten konpartsa, eta 30 kide egon dira gaur. Marixa, Peru, Kriskitin, Poxpolin, Kotoi, Mahoi, Fausto, Juan Jose… “Bergarari lotutako erraldoiak ditugu, adibidez, Peru eta Marixa baserritarrak dira, Kriskitin eta Poxpolin dantzariak, eta Kotoi eta Mahoi, berriz, lehen Bergaran kotoia eta mahoia asko erabiltzen zirelako ditugu”, azaldu du Jon Ander Garitano taldeko lehendakariak. Joxe Bixente eta Mari Kattalin dira taldeak dituen erraldoi zaharrenak, 1978koak dira, baina horiek ez dituzte ateratzen, ondo gordeta dituzte. Gainera, konpartsaren berezitasun nagusiena Felixin eta Guti, “erraldoi txikitxoak” dira, Bergarako Jai Batzordean “urte piloa ibili izan diren” bi gizonen omenez.
“2000. urtean handitu” zen taldea, eta gaur egun ia 100 pertsona daude. “2000. urtean hasi ginen erraldoi nagusiekin, eta urtez urte gehiago egiten joan gara, eta 20 erraldoi ditugu”. Hamahiru atera dituzte gaur, baina, aitortu dutenez, furgonetan gehiago eduki dituzte. Irteeretara eta topaketetara askotan joaten dira; urtean 30 bat irteera egiten dituzte: “Debara, Elgoibarrera, ikastetxeetara… Adibidez, Azpeitira urtero joan izan gara, eta Bilbora ere bost-sei urtetan joan izan gara. Aurten, adibidez, Katalunian egon gara, eta aurreko urtean Madrilen izan ginen”.
Elgoibarko Erbuze Konpartsak ere altxor ederrak dauzka. 1980. urte inguruan sortutakoak dira Altzolako jauntxoen bi erraldoiak, hasieran, Haritz Euskal Dantza Taldekoek ateratzen zituzten, baina, egun, konpartsa propioa daukate. Halaber, iaz bi erraldoi berri sortu zituzten, herriko dantza taldeko ezpata dantzari eta kapitainarenak. Debako Tarinak konpartsakoak ere euren pertsonaia kuttunekin hurbildu dira Markina-Xemeinera. Karlos Monte, trenetan maletak kudeatzen zituen gizonaz, eta Izaga, Debako bandako zuzendariaz gain, erraldoi txikiagoak ere eroan dituzte, Lizarrako bi dultzainero. Eta zelan ez, taldean hasieratik dituzte errege-erreginek ere topaketan egon nahi izan dute.
Egunaren balorazi “oso ona” egiten dute antolatzaileek, eta datorren urtera arte agurtu dira. Aurretik, parte hartu duten denei eskerrak emateko aprobetxatu dute: “Goiz hau gurekin batera gozatzeko hautua egin duten denei eskerrak eman nahi dizkiegu”.