Luis Baraiazarra Txertudi zendu da
Besteak beste, karmeldarra, ohorezko euskaltzaina, filologoa, itzultzailea eta idazlea izan da Baraiazarra. Hileta elizkizuna bihar [urriak 8] izango da, 18:00etan, Karmeldarren elizan; beilatokirik ez da izango.
Luis Baraiazarra Txertudi aita Luis karmeldarra zendu zen atzo [urriak 6], 84 urterekin. Baraiazarra 1940an Meñakan jaio zen arren, haren bizitza erdia baino gehiago zeraman Markina-Xemeinen, 1966ko udazkenetik, hain zuzen ere. “Bihotz barruan sartuta daukat herri hau”, hala zioen Baraiazarrak. Karmeldarra izatez gain, ohorezko euskaltzaina, filologoa, itzultzailea eta idazlea ere bazen, eta Markina-Xemeingo Udalak eskerrak eman nahi izan dizkio egindako lanagatik: “Herri honen hizkuntza eta kultur ondarearen alde lan asko egin zuen, eta testigantza ugari jaso zituen. Eskerrik asko, Aita Luis, emandako guztiagatik”. Hileta elizkizuna bihar [urriak 8] 18:00etan izango da, Karmeldarren elizan; beilatokirik ez da izango.
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere Baraiazarraren ibilbidea goraipatu du: “Euskaltzale prestua, poeta paregabea, itzultzaile aparta eta ereduzko euskaltzaina izan da Luis Baraiazarra”. Era berean, Bertsozale Elkarteak ere balioan ipini nahi izan ditu karmeldarrak bertsolaritzari egindako ekarpenak: “Bertsozale Elkartean ekarpen handia egin du. Bizkaiko Bertsozale Elkartekoo zuzendaritza kidea izan zen 1991tik 2000. urtera; Euskal Herriko Bertsozale Elkartean ere izan zen zuzendaritza kidea 1991tik 1994ra”. Gainera, irakasle izandakoa ere bazen Baraiazarra. Hainbat urtez Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastetxeko maisua izan zen, eta, hori horrela, Bera Kruzeko kideek ere eskerrak eman nahi izan dizkiote “egindako lan guztiagatik”.