Mankomunitateak adikzioen prebentzio proiektua egingo du hamabi ikastetxetan
Ikastetxeekin elkarlanean, eta Gizarte Zerbitzuen arloaren baitan, askotariko ekintzak egingo dituzte ikasturtean zehar.
Lea-Artibai Mankomunitateak 2024-2025 ikasturterako adikzioen prebentzio proiektua aurkeztu du. Gizarte Zerbitzuen arloaren baitan, eta hamabi ikastetxegaz elkarlanean hainbat esku hartze egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 6. mailatik zikloraino.
“Saihestu edo gutxitu egin nahi dira adikzioen inguruko erabilera ezegokiak edo gehiegizkoak, adikzioak erabiltzera bultzatzen duten faktoreak eta horren guztiaren ondorio kaltegarriak”, azaldu dute Lea-Artibai Mankomunitatetik. Alde horretatik, babes faktoreak bultzatu nahi dituzte, “nerabe eta gazteak dauden espazioetan presente egon eta haiei arduratzen dieten beste gaia asko landuz”.
Programako hezitzaileek saioak eta tailerrak egingo dituzte ikasleen “garapen pertsonala eta pentsamendu kritiko sortzailea” ahalbidetzeko: “Modu horretara, egoera ezberdinei modu konstruktiboan aurre egiteko gaitasunak eskuragarri jarriko dizkiegu”. Horrekin batera, ikasturtero bezala, informazio puntuak eta konfiantzazko txokoa/hausnarketa zerbitzua indarrean jarriko dute. Bide horretatik, ikasleekin harremanak sendotu nahi dituzte: “Beharrezko pausoa esku hartze hezitzaileak egin ahal izateko”.
Horrez gain, eskoletan sortzen den harremana batzuetan kalean mantendu egiten direnez, kalean/gazteen espazio naturaletan/komunitatean ere hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu dute Mankomunitatetik.