Amaitu dituzte Markina-Xemeingo auzo batzarrak
Auzo batzarrak amaituta, datozen hilabeteetan beste hainbat arlotako batzar parte hartzaileak egingo dituzte. Iritzi eta ekarpen guztiak kontuan hartuko dituzte 2025eko plangintza diseinatzerako orduan.
Markina-Xemeingo Udalak iraila erdialdean ipini zituen martxan auzo batzarrak, eta asteburuan amaitu dituzte saio denak. Guztira hamabi saiotan elkartu dira auzoetako bizilagunekin; amaiera Iruzubietan eman zieten, urriaren 5ean. Hala, udalak adierazi du auzoetako nahiz herriguneko herritarrengandik jasotako iritziak eta ekarpenak kontuan hartuko dituztela euren jardunean.
Era berean, jasotako informazioarekin 2025eko plangintza eta aurrekontu proposamena egingo dituzte. Azaldu dutenez, martxan dauden proiektuez gain kontuan hartuko dituzte batzarretan jasotako iritzi eta eskaerak ere. Gaineratu dute datozen hilabeteetan hainbat arlotako batzar parte hartzaileak ere egingo dituztela; horiek ere kontuan hartuko dituzte 2025eko ekintza plana diseinatzerako orduan.