Flyscheko mineralak eta fosilak ezagutzeko tailerra antolatu du Geoparkeak
Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta gaztetxoenek hitzordua izango dute zapatuan [urriak 11]. Tailerra 16:00etan hasiko da eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak gaztetxoenek Flyscheko mineralak eta fosilak ezagutzeko tailer didaktikoa antolatu du Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan. Hitzordua zapatuan [urriak 12] izango da, 16:00etan, eta guztira, bi ordu eta erdiko jarduera burutuko dute, euskaraz.
Tailerrak bi zati izango ditu, lehenengo, mineralak eta fosilak ezagutzeko jolasak eta eskulanak egingo dituzte parte hartzaileek, ordubetez. Ondoren, itsasontziz zeharkaldia egingo dutela zehaztu dute antolatzaileek: “Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira. Flysch beltza delakoaren labar ikusgarriak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Honenbestez, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren artean dagoen guneaz gozatuko dute parte hartzaileek”.
4tik 12 urtera bitartekoei zuzenduta dago jarduera, eta gehienez, 25 lagunentzako tokia dago, beraz, aurrez izena eman beharko da Geoparkearen webgunean. “Webgunean sartu eta Nautilus, flyscheko fosilak izeneko bisita gidatuan izena eman behar da. Bisita honek %30eko deskontua izango du izena ematean ‘haurrak’ kodea erabiltzen duenarentzat”.
Amonite. 100-110 milioi urtekoak dira Mutrikun aurkitutako amoniteak, eta”ikusgarriak” direla zehaztu dute Geoparkeko kideek: “Normalean izaten duten 4 zentimetroko diametroaren aldean, Mutrikukoek 30-50 zentimetrokoa dute. Hainbat hamarkadaz amonite erraldoiak biltzen aritu diren Jesus Narvaez eta Esperanza Azkarraga bikoteari esker jakin ahal izan dugu inguru hartan, bi milioi urtez, amonite erraldoiak sortu zirela”. Amonite horietako asko Nautilus ikasgelan gordeta daudela aipatu dute, eta Geoparkeak antolatutako ekimenaren oinarri izango direla: “Geoparkeak gure lurraldearen aberastasuna eta jakinduria haurrei gerturatu nahi die, ezagutzen ez dena zaila delako maitatzen, eta maitatzen ez dena are zailagoa zaintzen“.