Hondakinen inguruan hausnartzeko azken foroak Etxebarrian eta Ziortza-Bolibarren izango dira
Gaur [urriak 9], 18:30ean, Etxebarrian eta barikuan [urriak 11], 18:00etan, Ziortza-Bolibarren egongo dira batzarrak, tokian tokiko udalak eta Lea-Artibai Mankomunitateak antolatuta. Atzo [urriak 8] aldiz, Markina-Xemeinen eta Ondarroan egin zituzten batzarrak.
Tokian tokiko udalek eta Lea-Artibai Mankomunitateak elkarrekin antolatu dute hondakinen inguruko herri batzarra, eta bi hitzordu baino ez dira falta hausnarketa foroekin amaitzeko. Gaur [urriak 9] 18:30ean elkartuko dira Etxebarrian, eta barikuan [urriak 11], 18:00etan, Ziortza-Bolibarko udaletxean.
Ziortza-Bolibarko Udaleko zinegotzi eta hautetsiek berataratzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Herritar denak ondo informatu nahi ditugu, planteatzen ditugun aldaketek arrazoi bat daukatelako, eta herrian ondo uler daitezen nahi dugu. Ingurumen aldetik hobekuntzak eta ekonomikoki zerbitzua eraginkortzeko neurriak izango dira. Guztion osasuna eta herriko ekonomia hobetzeko neurriak izango dira”. Hori horrela, aurrerapauso horiek emateko herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu dute: “Herritar guztioi dei egiten dizuegu aktiboki parte hartu dezazuen bai barikuko batzarrean eta baita hortik aurrera emango ditugun pausoetan ere”.
Gorka Egia ingurumen teknikariak emango ditu azalpenak, eta besteak beste, herriko hondakin-guneen edo kontenedore-guneen diagnostikoa azalduko du. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, azken hilabeteetan gune horiek aztertzen aritu da Egia, udal ordezkarien parte hartzeagaz. Era berean, herritarren sailkatzen datuak ere aztertu ditu ingurumen teknikariak, eta horiek ere batzarrean jakinaraziko dituzte.
Batzarreko bigarren zatian, aldiz, hainbat hobekuntza proposatuko dituzte kontenedore guneei dagokienez, denak ere, analisian oinarritutakoak. Gaineratu dutenez, sailkatze tasak hobetzeko neurri batzuk ere proposatuko dituzte; herritarrek ere proposamenik edukiko balute, horiek ere jasoko lituzkete.
Markina-Xemeinen eta Ondarroan errefusa murriztu behar dutela ondorioztatu dute datuen bidez.
Hobetzeko beharra. Irailaren 25ean Berriatuan eta irailaren 27an Ispasterren egin zituzten batzarrok. Atzo [urriak 8], aldiz, goizean Markina-Xemeinen eta arratsaldean Ondarroan hausnartu zuten herritarrek. Hala, hainbat galdera ipini zituzten mahai gainean, eta besteak beste, egungo sailkatze tasek ea legea betetzen duten aztertu zuten. Markina-Xemeinen, esaterako, datuen arabera ez da birziklatze tasa betetzen: 2025ean %55eko birziklatze tasa eta 2030ean %65eko birziklatze tasa lortzea dira Europatik finkatu diren helburuetako bi, eta Markina-Xemeinen %45ekoa da birziklate tasa gaur egun.
Ondarrutarren kasuan ere, ez dute legeak agindutako sailkatze tasa betetzen. Udalak azaldu duenez, Europatik agindutako sailkatze tasara heltzeko, errefusa murriztu eta organikoa gehiago birziklatu behar dute: “Errefusean batzen den zatirik handiena beste edukiontzi batzuetara bota daitezkeen hondakinak dira”.
Markina-xemeindarren helburu nagusia ere, errefusa murriztea da: “Errefusen karakterizazioa aztertu ostean, ikusi da jasotzen diren hondakinen %25a baino ez dela benetan errefusa. Gainontzekoak bestelako hondakinak dira: organikoa (%18), ontzi arinak (%16), papera eta kartoia (%16), erropa (%14), eta abar”. Udaleko ordezkariek gogorarazi nahi izan dute birziklatze tasa zenbat eta handiagoa izan, gastua txikiagoa izango dela: “Erraustera bidaltzen diren hondakinak dira gastu handiena dutenak (111.000 euro). Horri gehitu behar zaio errefusa jasotzeak berak dauka kostua (51.000 euro). Gastu hau guztia herritarrek ordaintzen dute. Beraz, garrantzitsua da gogoraraztea: zenbat eta birziklatze tasa handiagoa, orduan eta gastu txikiagoa denontzat”.